Mundua -

KRISI POLITIKOA

Adostasunik ez Peruko Kongresuan, Manuel Merino presidentearen ordezkoa aukeratzeko

Rocio Silva Santistebanen zerrendak ez ditu beharrezkoak zituen 60 botoak lortu. Adostasunik ezean, hautagaitza berriak proposatu eta bozkatuko dituzte astelehenean.

Perutarrak Manuel Merino presidentearen dimisioa ospatzen, Liman. Argazkia: EFE
Perutarrak Manuel Merino presidentearen dimisioa ospatzen, Liman
Perutarrak Manuel Merino presidentearen dimisioa ospatzen, Liman. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Peruko Kongresuan akordiorik gabe amaitu da ezohiko osoko bilkura eta ez dute dimisioa eman duen Manuel Merino presidentearen ordezkoa aukeratu. Izan ere, Frente Amplio alderdiko Rocio Silva Santisteban diputatuak ez ditu hautatua izateko beharrezkoak zituen 60 botoak eskuratu.

Kongresuaren babesa izango balu, Rocio Silva Santisteban izango zatekeen bitarteko presidente apirilaren 11ra arte, hots, hauteskunde egunera arte. Ordu batzuetako eztabaidaren ostean aurkeztu zen hautagaitza bakarra izan zen Rocio Silva Santistebanena.

Bozketan, aldeko 42 boto, kontrako 52 boto eta 25 abstentzio zenbatu dira. Rocio Silva Santistebanek aldeko 60 boto behar zituen, Kongresua osatzen duten 130 diputatuetatik 119 bertan zirela kontuan hartuta.

Rocio Silva Santisteban diputatuaren zerrenda ondorengo hauek osatzen zuten: Francisco Sagasti, Partido Morado alderdi kontserbadoreko kidea, lehen presidenteordea; Luis Roel Alva, Accion Popular alderdiko kidea, bigarren presidenteordea; eta hirugarrenean, Yessica Apaza Quispe, Union por el Peru.

Azkenean, ezohiko osoko bilkura bertan behera geratu da eta Bozeramaileen Batzordea deitu dute. Adostasunik ezean, zerrenda berriak proposatu eta bozkatuko dituzte astelehenean.

Iragan astelehenean Kongresuak Martin Vizcarra presidentearen aurkako zentsura mozioa onartu ostean, protestak nagusitu dira Peruko kaleetan eta gutxienez bi pertsona hil eta ehundik gora zauritu dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Munduko albiste garrantzitsuak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Latinoamerika albisteak Peru albisteak gaur