Mundua -
PERU
Francisco Sagastik Peruko presidente karguaren zina egin du
Presidente berriak hildako bi manifestariak gogoratu ditu eta herritarren konfiantza berreskuratzeko gai izango den gobernu anitza sortzeko helburua azpimarratu du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Francisco Sagastik Peruko presidente karguaren zina egin du, eta inbestidura hitzaldia Martin Vizcarra kargutik kendu ostean izandako protestetako bi hildakoak gogoratzeko baliatu du.
Peruko presidente berriak Inti Sotelo eta Bryan Pintadoren heriotzak deitoratu ditu eta "Estatuaren izenean" barkamena eskatu die hildakoei, haien senideei eta "demokraziaren alde protestan aritu ziren gazte guztiei".
Sagastik adierazi duenez, "klase politikoa ez da behar den mailan egon, gainditu behar ditugun erronka handien mailan". "Ez dugu jakin entzuten edo erantzuten perutar gehienen asmo legitimoak, aitortza eta duintasuna eskaerak", gaineratu du.
Peruk bizi duen krisi politikoaren aurrean, bere gobernuaren erronka eta helburu nagusia herritarren konfiantza lortzea eta itxaropena itzultzea izango dela esan du. Bere kabinetea plurala (ez alderdikoia) izango dela bermatu du, herritarren aniztasuna ordezkatzeko. Agintariaren arabera, politika oso suntsitzailea izan da, eta, askotan, aktoreek "etsai amorratu" gisa jokatu dute, ez aurkari gisa.
2021eko hauteskundeei dagokienez, bere lehen erronka ezustekorik gabe egiten direla eta "erabat garbiak" direla ziurtatzea dela esan du. Errepublikako bigarren presidenteordearen hautagaitzari uko egin dio gainera, Kongresuko presidente eta herrialdeko behin-behineko presidente bihurtu ostean.
Ildo estrategikoak
COVID-19ak sortutako "krisi ekonomiko eta osasun krisi larriari" aurre egiteko beharra azpimarratu du presidenteak, eta ekonomia suspertzeko konpromisoa eskatu dio herrialdeko sektore pribatuari.
Bere administrazioa gidatuko duten beste ildo estrategiko batzuk ere aipatu ditu (hezkuntza bultzatu eta indartzea eta Hambre Cero programa sortzea, adibidez) eta Estatuko Prokuradoretza Nagusiaren eta Peruko Irrati eta Telebista Institutu Nazionalaren (IRTP) autonomia bermatuko duela azpimarratu du.
Gainera, gazteek gizartean duten rolaren garrantzia aitortu du, eta "politika gazteei hurbiltzeko" eta herrialdean "zientzia, teknologia eta berrikuntzarako jardueren gobernantza eta instituzionaltasuna indartzeko" konpromisoa hartu du.