Mundua -
Sarraskia Afrikan
Boko Haramek gutxienez 110 nekazari hil ditu Nigerian
NBEko koordinatzaile humanitarioa “ikaratuta” azaldu da talde jihadistak Maiduguritik, Borno estatuko hiriburutik, gertu egindako erasoarekin.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 110 pertsona hil ditu Boko Haram talde jihadistak Nigeriako ipar-ekialdean, NBEko iturriek gaur jakitera eman dutenez. Erasoa atzo egin zuten, eta biktimak arroza lantzen ari ziren nekazariak dira.
“Gutxienez 43 zibil hil dituzte modu ankerrean, eta jasotzen ari garen zenbait txostenen arabera, 110 izan daitezke hildakoak”, adierazi du Eve Sabbagh Gai Humanitarioetarako Nazio Batuen Erakundeko Informazio Publikoaren Bulegoko (OCHA) buruzagiak.
Talde jihadistak Maiduguritik, Borno estatuko hiriburutik, gertu egindako erasoarekin “ikaratuta” azaldu da Edward Kallon NBEko koordinatzaile nagusia Nigerian.
Agiriaren arabera, eraso “basatia” gizon armatuek egin dute. Motorretan heldu ziren, eta Koshobeko lursailetan uzta batzen ari ziren gizonen eta emakumeen aurka egin zuten, baita Jereko gobernu lokalaren zonaldean ere.
“Nekazariak indarkeria ankerraren biktima errugabeak izan direla diote txostenek”, azaldu du koordinatzaile humanitarioak. “Zenbait emakume bahitu dituzte”, erantsi duenez.
Kallonen hitzetan, “zibil errugabeen aurka egindako eraso zuzen ankerrena izan da” 2020an, baina “zoritxarrez, nekazarien, arrantzaleen eta familien kontra egiten diren eraso anitzetako bat izan da; hamarkada bat baino gehiago iraun duen gatazka amaitu ondoren, herritarrek bizitza aurrera ateratzeko aukeraren bat baliatu nahi dutenean”.
Hildako batzuei lur eman diete dagoeneko. Argazkia: EFE
Hildakoen gorpu batzuei lur eman diete ehunka bizilagunek goizean, Nigeriako komunikabideek jakitera eman dutenez. Babagana Umara Zulum Bornoko gobernadorea hiletan izan da.
Nekazarien hiletan izan ondoren, estatuko toki askotan Bokok Haramek “indarra” duela onartu du Zulumek, sei milioi pertsona baino gehiagorentzat mehatxu bat da herrialdeko zonalde horretan, Sambisako oihanean eta Txad aintzirako eskualdeetan, Bornoko iparraldean.
“Gure herritarrak egoera zailean daude. Alde batetik, etxean geratzen baldin badira, gosez hil daitezke; bestetik, lursailetara joanez gero matxinoek hiltzeko arriskua dute. Hori oso tristea da”, esan du Zulumek.
27.000 hilketa baino gehiago azken hamarkadan
Azken hamarkadan, Boko Haramek eta ISWAP haren zatiketak 27.000 pertsona baino gehiago hil dituzte, eta ia hiru milioi pertsonak etxetik ihes egin behar izan dute, NBEko datuen arabera.
Mohamed Yusuf buruzagi espiritualak Boko Haram 2002an sortu zuen Maidugurin, Nigeriako buruzagiek herrialdeko iparraldea pobrezian eta baztertuta utzi zutela salatzeko helburuarekin.
Orduan, Nigeriako Poliziaren aurkako erasoak bakarrik egiten zituen, Estatuaren ordezkaria zelako, baina poliziek Yusuf 2009an hil zutenean, kanpaina odoltsua abiatu zuen talde jihadistak, Estatu islamiko bat inposatzeko asmoz. Nigeriako hegoaldea musulmana da, baina hegoaldea kristaua.
Orduz geroztik, Nigeriako ipar-ekialdea –eta azken urteetan Kamerun, Txad eta Nigerreko mugak- mehatxu jihadistapean bizi dira.