Mundua -

BREXIT-AREN ONDORENA

Ezberdintasunak ezberdintasun, negoziatzen jarraituko dute Londresek eta Bruselak

Brexitaren ondorengo negoziazioak ez aurrera ez atzera dauden honetan, hiru gairen inguruan daude iritzi kontrajarrienak: bidezko lehiarako bermeak, akordioaren gaineko gobernantza eta arrantza.

Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE.
Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa.
Boris Johnson, Erresuma Batuko lehen ministroa. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak eta Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak Brexitaren ondorengo negoziazioekin aurrera egitea adostu zuten atzo, bezperan elkarrizketak etenda geratu ondoren.

Agiri bateratu bat kaleratu dute Johnsonek eta Von der Leyenek, beste ahalegin bat egingo dutela eta elkarrizketei gaur bertan berrekingo dietela jakinarazeko. "Ezberdintasunak oso nabarmenak" direla aitortu dute idatzian, baina "egoera bideratzeko beste saiakera bat" eskatu diete negoziazio taldeei. Azken horiek gaur bilduko dira, Bruselan.

Telefonoz hitz egin zuten, atzo, Erresuma Batuko eta Europako Batzordeko buruzagiek, eta biek onartu dutenez, korapilorik handiena ondorengo hiru gaien inguruan dago: bidezko lehia bermatzeko arauak, akordioaren gaineko gobernantza eta arrantza.  Alor horien inguruan konponbiderik aurkitzen ez badute, zail ikusten dute akordioa.

Bihar iluntzean hitz egitekotan geratu dira, berriz, Von der Leyen eta Johnson, gauzak zertan diren ikusteko.

Abenduaren 31n bukatuko da Brexitaren trantsizio epea, eta orduan ikusiko dira zein ondorio duen merkatuetan eta gainerako alor guztietan, akordioarekin edo akordiorik gabe. Negoziazioak adostasunik gabe amaitzen badira, Merkataritzaren Munduko Erakundeak ezarritako araudien menpe geratuko dira bi aldeen arteko merkataritza harremanak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Brusela Europa Erresuma Batua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Brexita Londres Boris Johnson