Mundua -

KORONABIRUSA

Gaza koronabirus testik gabe geratu da, kutsatze olatu gero eta handiagoan

Gazako positiboen ehunekoa % 36ra iritsi zen igandean. MOEk 28.000 test bidaliko ditu aste honetan, kutsatze olde bortitz baten erdian hornikuntza faltari aurre egiteko.

Gazako ospitalea. Argazkia: EFE
Gazako ospitalea.
Gazako ospitalea. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gazak koronabirus testak egiteari utzi dio, gero eta handiagoa eta bortitzagoa den kutsatze olatu baten erdian, laborategi zentrala proba egiteko kit-ik gabe utzi duen hornikuntza faltagatik. Gazako Osasun Ministerioak "premia handiz parte hartzeko" eta "larrialdi beharrei babesa emateko" eskatu die erakunde garrantzitsu guztiei.

Gaur arte, batez beste 2.000 eta 3.000 proba artean egin dituzte egunero Gazako Zerrendan –bi milioi biztanle bizi dira bertan–. Igandean,  abenduaren 6an, positiboen kopurua % 36ra iritsi zen.

Munduko Osasun Erakundeak Zisjordaniarako eta Gazarako duen bulegoak 28.000 test inguru dituzten bi kargamentu bidaliko ditu aste honetan, berehala egiteko aurre eskasiari. Lehen zatia gaur, astelehena (abenduak 7), edo bihar, asteartea (abenduak 8), irits daitezke.

Duela aste batzuetatik, covid-19 kasuak gora egiten ari dira Gazan. Zerrenda Israelen blokeopean dago 2007az geroztik, eta osasun sistema prekarioa eta baliabide mediko urriak ditu.

Azaroan, hainbat marka hautsi zituzten bertan egunero, eta joan den astean, ia mila kutsatu berri atzeman zituzten 24 ordutan. Martxoan pandemia hasi zenetik, Gazak 25.000 kasu eta 139 hildako baino gehiago pilatu ditu. Gaur egun, 10.500 kasutik gora ditu aktibo, 375 gaixo ospitalean dituzte eta horietako 157 egoera kritikoan daude.

Agintariek aurretik esana zuten probak egiteko kitak agortzeko arriskua zegoela, batez ere abuztuaz geroztik, orduan erregistratu baitziren bertan lehen kasuak, eta birusa gehiago hedatzen hasi baitzen herritarren artean.

Murrizketak

Olatu gero eta handiagoak murrizketak gogortzea ekarri du. Larunbatetik, meskitak, eskolak eta unibertsitateak itxita daude, eta ostiralean etxeratze agindu osoa ezarriko da asteburuetarako (ostirala eta larunbata). Gainera, duela hainbat hilabetez ezarrita egon den etxeratzeko ordua aurreratu dute eta 18:30etik 06:00etara izango da aurrerantzean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea Ekialde Hurbila