Mundua -
Haitin
Kolera duten Haitiko 5.000 biktimek NBE salatu dute
Soilik Haitin, kolerak 6.600 pertsona hil eta 475.000 pertsonari eragin die, eta oraindik ez dute gaixotasuna desagerrarazi.
Erredakzioa
Ameriketako Estatu Batuetan egoitza duen Haitirako Justizia eta Demokrazia Institutuak, Nazio Batuen Erakundearen kontrako salaketa bat aurkeztu du 5.000 pertsonen izenean. Institutu horrek koleraren epidemiak eragindako biktimak eta hauen familiak ordezkatu ditu, eta eragindako kalteengatik kalte-ordainak jasotzea eskatu du.
Gobernuz Kanpoko Erakunde horrek adierazitakoaren arabera, salaketak NBEk New Yorken duen egoitzan eta Haitiko Port au Prince hiruburuko Nazio Batuen Egonkortze Misioaren (MINUSTAH) egoitzetan aurkeztu zituzten aurreko ostegunean.
Haitiar askok 2010ean egondako nepaldar kasko urdinei egotzi diete gaixotasuna eraman izanaren errua, eta azpikontratatutako haitiar enpresa batek MINUSTAHren egoitza bat ondo desinfektatu ez izanak gaixotasun hori hedatzea ekarri zuela uste dute.
Orain arte, soilik Haitin, kolerak 6.600 pertsona hil eta 475.000 pertsonari eragin die, eta oraindik ez dute gaixotasuna desagerrarazi.
"Badakite justua eta benetazkoa dela"
Salaketan, MINUSTAH eta NBE erantzuleak direla eta biktimei hainbat milioi dollarretako kalte-ordainak eman beharko dizkietela esaten du. Hori arrazoitzeko hiru adibide ematen ditu: kolera existitzen den herrialdeetako jatorria duten soldaduei aztertu edota tratamendua eman ez izana, NBEko egoitza batetik Haitiko erreka handieneko adar batera prozesatu gabeko hondakinak botatzeagatik, eta epidemiari behar bezala aurre egin ez izateagatik
Brian Concannon Haitirako Justizia eta Demokrazia Institutuko zuzendariak esan du "salaketan agertzen diren kasu gehienak Nazio Batuen txostenetan" agertzen direla, eta salaketa erakunde horrek egindako legeetan oinarritzen dela.
"Gure bezeroek nahi dutena da erakunde horrek justua eta benetakoa den gauza baten aurrean era koherente batean jokatzea, badakitelako horrela dela", gaineratu du.