Mundua -
EANAren txostena
Iranek ez du programa nuklearrean 'pitin bat ere' atzera egingo
Ahmadineyad presidenteak azpimarratu duenez, Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren akusazioak "zentzugabekoak" dira eta "helburu zibil eta baketsuak" dituen programan aurrera jarraituko du.
Erredakzioa
Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak asteazken honetan baieztatu duenez, programa nuklearrari dagokionez, Iranek ez du "pitin bat ere" atzera egingo. Horrela erantzun dio Irango presidenteak Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak zabaldutako azken txostenari. Honen arabera, arma nuklearrak garatzeko beharrezkoa den ezagutza teknikoaren jabe da Iran dagoeneko.
Irango presidentearen arabera, txostenean jasotako akusazioak "zentzugabekoak" dira eta "bide hori bertan behera uztea" eskatu dio Nazioarteko Agentziari. Iran arma nuklearrak sortzen saiatu izana ukatu du berriro Ahmadineyadek eta, AEBei zuzenduta, honako hau azpimarratu du: "Gu azkarrak gara eta ez dizuegu aurre egingo, zuek 20.000 arma nuklear baitituzue".
Nolanahi ere, "bakarrik helburu zibil eta baketsuak" dituen programa nuklearrari eutsiko diotela nabarmendu du, "hurrengo belaunaldientzat Iran aurreratuago eta aberatsago bat eraiki ahal izateko".