Mundua -

Ebazpena

Assange AEBra estraditatzea baztertu dute, osasun arrazoiak tarteko

Vanessa Baraitser epaileak esan duenez, estradizioak Assangeren buruko osasunari kalte egingo lioke, bere buruaz beste egiteko arriskua baitago. Epaileak asteazkenean erabakiko du aske uzten duen.

Julian Assange. Artxiboko argazkia: EFE
Julian Assange.
Julian Assange. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Erresuma Batuko auzitegi batek Julian Assange Wikileaks informazio atariaren sortzailea Ameriketako Estatu Batuetara (AEB) ez estraditatzea erabaki du gaur. Estatu Batuetako agintariek espioitza egin izana leporatzen diote, jatorrizko araudiaren (1917ko Espioitza Legea) arabera, aurrekaririk ez duen kasu batean dokumentu konfidentzialak zabaltzeagatik. Orain 14 eguneko epea du AEBko gobernuak helegitea aurkezteko.

Vanessa Baraitser Londresko Zigor Auzitegi Nagusiko (Old Bailey) epaileak argudiatu duenez, estradizioak australiarraren buruko osasunari kalte egingo lioke, bere buruaz beste egiteko arriskua baitago AEBra eramaten badute (aurretik ere min egin dio bere buruari).

"Gizon deprimitua da, etsia, etorkizunaren beldur da", esan du epaileak. Wikileaksen sortzailea Belmarsheko segurtasun goreneko espetxean dago atxilotuta, Londresko hego-ekialdean. "Ia erabat isolatuta dago", ohartarazi du epaileak.

Defentsak hainbat aldiz ohartarazi du Wikileakseko sortzailearen osasunak okerrera egin duela, Assange auzia lehertu zenetik (2010ean) etengabekoak izan dira haren kontrako salaketak.

Hain justu, Edward Fitzgerald Assangeren abokatuak iragarri du fidantzapean aske uzteko eskatuko dutela. Baraitser epaileak asteazkenean erabakiko du Wikileakseko sortzailea libre uzten duen ala ez.

Wikileaksek berak ere eman du erabakiaren berri, Twitterren duen kontuaren bidez.

Assangeri (49 urte) 17 espioitza kargu eta pirateatze informatikoko kargu bat leporatu dizkiote.

Australiarra 2019ko apirilean atxilotu zuten Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan, 2012an asiloa eman zioten tokian, Interpolek Suedian bortxaketa salaketengatik bere aurkako atxilotze agindua eman ondoren, beranduago alde batera utzi ziren salaketak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Erresuma Batua Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Londres