Mundua -
Analisia
Haustura, Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantzan
Ika-mika sortzen ari da Europak bizi duen zorraren krisian Europako Banku Zentralak izan beharko lukeen jokabidearen inguruan.
Jesus Torquemada
Estatutuek jasotzen dutenaren arabera, Europako Banku Zentralak dirua mailegatu diezaieke banketxeei baina ezin die zuzenean estatuei dirua maileguan eman. Zor publikoa erosi dezake bigarren mailako merkatuan baina ezin die zor hori zuzenean estatuei erosi, ezin da estatuek egiten duten zor publikoaren enkantera joan. Dena den adituek diote Europako zorraren gaineko presioa jaisteko modu bakarra horixe dela hain zuzen ere, Europako Banku Zentralak zuzenean zor hori erostea.
Alemaniak dio estatutuek ez dutela horrelakorik jasotzen eta Europako Banku Zentralak besterik gabe estatuei dirua maileguan ematen badie hauek ez dituztela sekula beharrezko erreformak martxan jarriko.
Orain arte Merkel eta Sarkozy neurri batean bat etorri dira horretan baina orain desadostasun nabariak hasi dira. Frantzia ikusten ari da zer datorkion, bere arrisku ordaina ere nabarmen ari da igotzen eta une honetan Parisi bere zorraren finantziazioa Berlinen ia bikoitza kostatzen zaio. Horregatik Frantziako Gobernua aldaketa eskatzen hasi da Europako Banku Zentrala jokatzen ari den paperean eta modu masiboan Europako herrialdeetako zorra erosi dezala nahi du. Haustura sortzen ari da, beraz, itxura batean sendoa zirudien Frantziaren eta Alemaniaren arteko aliantzan.