Publizitatea
Itxi

2021/01/18

11:11

Mundua

AEB

Bidenen taldea inbestidurako "edozein agertokitarako" prestatzen ari da

EITB MEDIA

Kapitolioko erasoak alarma piztu du agintarien artean, eta dagoeneko Guardia Nazionaleko 21.000 agente Washingtonen zabaldu eta Kapitolioaren inguruko hainbat kale itxi dituzte.

  • Joe Biden.

    Joe Biden. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Joe Bidenen taldeak asteazken honetan presidente berriaren inbestiduran gerta daitekeenarekin "kezkatuta" dagoela aitortu du. Horren aurrean, "edozein agertokitarako" prest egoteko lanean ari dela adierazi du.

"Garai aldakorrak dira hauek, eta, hori dela eta, prestaketak egiten ari gara", esan du Etxe Zuriko Komunikazio zuzendari izango den Kate Bedingfieldek.

Bedingfielden hitzetan, Bidenek kargua hartzeko ekitaldian gerta daitekeen "edozein agertokiren aurrean" prest egoteko beharrezko prestaketak kudeatuko dituzte datozen egunotan azken urteotan AEBko Administrazioan segurtasun ardura izan duen taldearekin.

"Uste dut AEBko demokraziaren erresistentziari buruzko irudi oso garrantzitsua bidaliko diogula munduari. Hori dela eta, gure plana eta gure asmoa da Biden presidente hautatuak kanpoaldean, Kapitolioaren mendebaldean, jartzea bere eskua Biblia gainean, familia aurrean duela", azaldu du.

Urtarrilaren 6an Kapitolioari egindako erasoak alarma piztu du agintarien artean, eta asko kritikatu dituzte egun hartan Botere Legegilearen egoitzan egondako segurtasun eskasagatik. Dagoeneko Guardia Nazionaleko 21.000 agente zabaldu dituzte Washingtonen, eta Kapitolioaren inguruko hainbat kale itxi dituzte. Erasoan izan ziren ekitaldi bortitzetan parte hartu zuten 200 bat susmagarri identifikatu ditu orain arte FBIk, eta ehun bat atxilotu ditu.

Komunikazio zuzendariaren arabera, AEBko presidente karguaren zina egin ostean, "azken lau urteetan sortutako gorrotoa eta zatiketa gainditzeko egingo du lan" Bidenek. Gobernu berriak "Trumpen Administrazioaren mugimendu lazgarrienetako batzuk iraultzeko neurri erabakigarriak hartuko ditu", erantsi du.

Neurri horien artean dago koronabirusari aurre egiteko ia bi bilioi dolarreko laguntza plana. Bedingfieldek plan hori bideratu ahal izatea espero du, izan ere, "bi alderdiek babesten dituzte horren ardatz nagusiak", eta AEB osoko gobernadore errepublikanoei eta demokratei egindako kontsultaren ondorioz sortu zen.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena