Mundua -

LURRIKARA

6,4 graduko lurrikara batek astindu du Argentina

Epizentroa San Juan probintzian izan du, herrialdearen mendebaldean, zortzi kilometroko sakoneran.

Lurrikara gertatu den tokia erakusten duen mapa. Irudia: USGS
Lurrikara gertatu den tokia erakusten duen mapa
Lurrikara gertatu den tokia erakusten duen mapa. Irudia: USGS

O. A. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

6,4 graduko indarra izan duen lurrikara batek astindu du astearte goizaldean Argentina, bertan 23:46 zirenean, iturri ofizialek baieztatu dutenez. San Juan probintzian izan du epizentroa, herrialdearen mendebaldean eta Txileko mugatik gertu, zortzi kilometroko sakoneran. Astindua San Juandik gertu dagoen Mendoza probintzian ez ezik, Cordoban eta Buenos Airesen ere nabaritu da.

"Oraingoz ez dago hildakorik. Bi haurrek traumatismo moderatuak egin dituzte eta heldu bat ospitalera eraman dute, traumatismo larriekin", adierazi du Sergio Uñac San Juan probintziako gobernadoreak prentsaurrekoan. Horren hitzetan, lau pertsona ebakuatu dituzte eta probintziako hainbat tokitan kalte material handiak izan dira.

Lurrikaren Prebentziorako Institutu Nazionalaren arabera, lurrikara 23:46an gertatu da, Media Agua udalerritik gertu, San Juan probintziako hiriburutik hegoaldera.

Hurrengo bi orduetan intentsitate txikiagoko beste hainbat astindu izan dira, 3,2 eta 4,9 artekoak, 8 eta 15 kilometro arteko sakoneran.

Lurrikara handienaren ostean, herritarrak argi mozketen, eraikinetako kalte materialen eta errepideetako arrakalen berri ematen hasi dira sare sozialen eta hedabideen bitartez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Argentina Lurrikarak gaur Tsunami alerta gaur