Mundua -

Polizia operazioa

Turkiak ehunka militar atxilotu ditu kolpistekin loturak dituztelakoan

Operazioa 60 probintziatan jarri dute martxan, aldi berean, eta guztira 238 militar atxilo hartu dituzte.

Gaurko operazioak 2016an izan zen estatu kolpe saiakerarekin du lotura. Artxiboko argazkia: EFE
2016ko estatu kolpe saiakeraren argazkia.
Gaurko operazioak 2016an izan zen estatu kolpe saiakerarekin du lotura. Artxiboko argazkia: EFE

E.G. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Turkiako Poliziaren terrorismoaren aurkako unitateek operazioa abiatu dute goizaldean, eta 238 militar atxilotu dituzte, Fethullah Gulen kleriko islamikoarekin lotura dutelakoan. Ankarak AEBn bizi den kleriko horri leporatzen dio 2016an izandako estatu-kolpe saiakera.

Operazioa 60 probintziatan eta Ankararen kontrolpean dagoen Txipre iparraldeko lurraldean jarri dute martxan, aldi berean.

Atxilo hartutako 238 militarretatik gehienak jardunean daude (20 bat salbu), eta askok goi-mailako karguak dituzte: 6 koronel, 3 teniente-koronel, 9 komandante, 11 kapitain, 29 teniente eta 180 ofizial daude.

Halaber, gehienak Armadako kide dira, baina Aireko Indarreko eta Jendarmeriako 40 eta 65 ofizial daude, hurrenez hurren.

Gulenen jarraitzaileak Recep Tayyip Erdogan presidentearen gobernuaren aliatuak izan ziren urte luzez, eta boterea zuten Administrazioan, Polizian eta epaileen artean.

2013an abiatutako botere borrokak estatu-kolpe saiakera bat eragin zuen 2016ko uztailean. Milaka militar atxilotu zituzten orduan, eta Gobernuak azpijokoa Gulen klerikoari egotzi bazion ere, atxilotuek ez zuten onartu harekin harremanik izan izana.

Horiek atxilotzeaz gain, 130.000 funtzionario kaleratu eta 500.000 pertsona ikertu zituzten. 95.000 pertsona, gehienak zibilak, kartzelan sartu zituzten, behin-behinean, eta 26.000 bat preso daude oraindik, Turkiako Barne Ministerioak iazko uztailean emandako datuen arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Turkia