Mundua -
Zorraren krisia
Monti: 'Italia ez da sinesgarria izango berriro hazten ez bada'
Italiako lehen ministro berriak Senatuaren aurrean bere Exekutiboaren programa aurkeztu du, kontu publikoen zorroztasuna, hazkuntza eta berdintasuna izango dira oinarriak.
Erredakzioa
Mario Monti Italiako lehen ministroaren esanetan, "Italia ez da sinesgarria izango" ekonomia "berriro hazten ez bada".
Montik Senatuaren aurrean egin du agerraldia, hain zuzen, arratsaldean Exekutibo berriaren konfiantza mozioa bozkatuko dute. Hitzaldi horretan Europak II. Mundu Gerratik bizi duen une zailenetakoa dela esan du eta erreformak ahalik eta azkarren jartzeko egindako eskaera ekarri du gogora, "zenbat eta beranduago egin orduan eta beranduago iritsiko direlako irabaziak".
"Euroaren amaierak merkatu bakarra sakabanatuko luke eta Europa 50eko hamarkada arte atzeratuko luke, baina krisi hau Europa mailako ekintzekin gainditu behar da", adierazi du Montik. Halaber, "euroaren etorkizuna, ez dago Italiak datozen egunetan egingo duenaren menpe bakarrik", erantsi du.
Europar Batasunak Italiari egindako erreformen eskaeraren inguruan Montik azaldu du ez direla Europak jarritako inposaketak "Europa gu ere bageralako".
Hitzaldian lehen ministro izendatu berriak bere programa finkatzen duten hiru oinarriak zeintzuk diren azaldu ditu: kontu publikoen zorroztasuna, hazkuntza eta berdintasuna. Horrez gain, bere Exekutiboak bi fase izango dituela adierazi du: lehena, emergentzia neurriak onartzea eta ondoren "enpresen eta hiritarrren aukerak zabaltzeko egitura ekonomikoak eta sozialak modernizatuko dituzten ekimen zehatzak" proposatuko dituztela gaineratu du.
Egoera ekonomikoaren inguruko sarreratxo bat egin ostean, Montik bere Gobernuaren pausoak zeintzuk izango diren zehaztu du eta kontu publikoak agintari independenteek kontrolatuko dituztela baieztatu du.
Italiako presidenteak halaber, zor publikoa gutxitzeko sakrifizioak egitea beharrezkoa dela adierazi du, baina antolaketa parekatua izango dela ziurtatu du eta erreforma horiek Parlamentuak ahalik eta azkarren onartzeko nahia erakutsi du.