Mundua -
Sexu abusuak
Sexu harremanak izateko gutxieneko adina 13 urtera aldatu du Frantziako Senatuak
Olivier Duhamel politologoa zipriztintzen duen polemikaren erdian iritsi da erabakia. 80ko hamarkadan bere nebari sexu abusuak egiteagatik salatu du Duhamel haren alabaordeak.
L.Z. | EiTB MEDIA
Frantziako Senatuak aho batez erabaki zuen atzo 13 urtetik beherako adingabeak sexu abusuetatik babesteko lege proposamena onartzea. Hain zuzen ere, adin horretan ezarri dute sexu harremanak izateko gutxieneko adina Frantzian, eta luzatu egin dute adingabeen kontrako abusu delituen preskripzio epea.
Olivier Duhamel politologoa zipriztintzen duen polemikaren erdian iritsi da erabakia. 80ko hamarkadan, nerabeak zirenean, bere nebari sexu abusuak egiteagatik salatu du Duhamel haren alabaordeak.
Frantzian, 15 urtetik aurrera baimentzen ditu sexu harremanak legeak, adin horrekin adingabea bere kabuz erabakiak hartzeko omen delako.
Annick Billonek, Emakumearen Eskubideen batzordeko presidenteak, bultzatu du lege proposamen hori, 13 urteko edo adin horretatik beherako pertsona guztien sexu harremanak debekatze aldera.
"Sexu krimen berri bat sortzea du helburu proposamenak, alegia, asmoa da kode penalean debeku hori jasotzea adingabeak helduek egindako sexu indarkeria mota guztietatik babesteko", dio batzorde horren txostenak.
Halaber, kode penalean jaso nahi dute adingabe eta heldu baten arteko penetrazio baginala, anala edo ahokoa 20 urteko espetxealdiarekin zigortzea.