Mundua -
Hauteskundeak
Rebelo de Sousa presidente kontserbadoreak berriro irabazi ditu bozak, Portugalen
Ana Gomes sozialista, eurodiputatu ohia, sailkatu da bigarren, botoen % 12,97 jasota, eta Andre Ventura ultraeskuineko hautagaia hirugarren izan da, bozen % 10 lortuta. Abstentzioa % 60,7koa izan da.
E. L. | EiTB Media
Marcelo Rebelo de Sousa Portugalgo presidente kontserbadoreak garaipena lortu du hauteskundeetako lehen itzulian, botoen % 99 zenbatu direnean. Botoen % 60,74 erdietsi ditu eta, horrenbestez, ez du bigarren itzulirik beharko.
Ana Gomes sozialista, eurodiputatu ohia, sailkatu da bigarren, botoen % 12,97 eskuratuta, eta, ondoren, Andre Ventura ultraeskuineko hautagaia, bozen % 11,90 lortuta.
Horien atzetik sailkatu dira Joao Ferreira komunista (botoen % 4,30), Marisa Matias (Bloco Esqueda, % 3,94), Tiago Mayan liberala (% 3,22) eta Vitorino Silva ekologista (% 2,94).
Inkestek Rebelo de Sousa presidentearen garaipen zabala aurreikusten zuten (botoen % 55 eta % 62 artean), eta iragarpenak bete egin dira.
"Pandemiari aurre egitea da gure lehen egitekoa", esan du Marcelo Rebelo de Sousak hauteskundeak irabazi dituela jakin ostean eskaini duen hitzaldian. 72 urteko politikariak portugaldar guztien presidentea izan nahi duela ere adierazi du.
Eguneko beste albistea parte-hartze txikia izan da. Izan ere, abstentzioa % 60,7koa izan da, 1976tik inoiz izandako handiena.