Mundua -
Hamas eta Al fatah, ados
Gaza izango da Palestinako trantsizio gobernuaren egoitza
Kabinete berria teknokratek eta político independenteek osatuko dute. Gobernu hori osatzea da, hain zuzen, Palestinako bi alderdi handien arteko norgehiagokarekin amaitzeko erronketariko bat.
Erredakzioa
Hamas eta Al Fatah alderdi palestinarrek trantsizio gobernuaren egoitza Gazako zerrendan egotea adostu dute, Haaretz egunkari israeldarraren arabera. Gobernu hori sortzea maiatzean bi alderdiek egindako adiskidetze akordioaren parte da.
Ahmed Yusufek, Ismael Haniye lehen ministroaren aholkulariak, adierazi duenez, lehen ministroa bere alderdiko kidea izango da eta gobernua ez da Ramalan izango (PAN Palestinar Aginte Nazionalaren egoitza), Gazan baizik, islamiarrek agintzen duten lekuan, hain zuzen.
Kabinete berria teknokratek eta politiko independenteek osatuko dute. Gobernu hori osatzea da, hain zuzen, Palestinako bi alderdi handien arteko norgehiagokarekin amaitu nahi duen erronketariko bat. 2007tik banatuta agintzen dute Zisjordanian eta Gazan.
NBEi eskaera
Maiatzean lortutako akordio historikoa geldi dago Mahmud Abas PANeko presidenteak Nazio Batuen Elkarteari (NBE) egindako eskaerak zein erantzun izango duen zain. Izan ere, Abasek Palestina eskubide osoko Estatu bezala onartzeko eskatu zien NBEi.
Asteazkenean Abas Kairon bilduko da Hamaseko Jaled Misahl Buro Politikoarekin azken xehetasunak zehazteko. Orduan lehen ministroa nor izango den iragartzea espero da.