Mundua -
Etxeratze agindua
150 pertsonatik gora atxilotu dituzte Herbehereetan, gauerdian izandako istiluetan
"Sinestezina da gertatu dena. Jende honek ez du ikusten gizartean izua, kezka eta lotsa eragiten dutela", esan du Bolduqueko alkateak.
L.Z. | EiTB MEDIA
Herbehereetako Poliziak gutxienez 151 pertsona atxilotu ditu goizaldean, agenteen eta gazte taldeen artean izandako istiluetan. Etxeratze aginduaren aurka protesta deitu dute hiru egunez Herbehereetan.
Bi hiritan egin dituzte atxiloketak, Willem Woelers Poliziaren buruak jakitera eman duenez. Haren hitzetan, orduek aurrera egin ahala, atxiloketa gehiago egongo dira, luze jo baitute istiluek 's-Hertogenbosch eta Rotterdam hirietan.
's-Hertogenbosh hirian, 21:00etan hasi zituzten "erasoak", etxeratze agindua ezarri duten ordu berean. Sare sozialen bidez, protesta egiteko deialdia egin zuten hainbat gaztek. Su artifizialak erabilita, agenteen aurka jo zuten, eta leihoak apurtu zituzten, supermerkatu eta elektronika denda batean lapurtu zuten, autoak irauli zituzten eta hiri-altzariei su eman zieten.
"Sinestezina da gertatu dena. Jende honek ez du ikusten gizartean izua, kezka eta lotsa eragiten dutela. Asko gara ezer ulertzen ez dugunak", esan du Jack Mikkers alkateak.
Istiluen aurkako poliziak
Mikkersen esanetan, denbora asko igaro zen istiluen aurkako poliziak iritsi zirenera arte. Horregatik, "gazteak kontrolik gabe ibili ziren bidean aurkitzen zuten guztia apurtzen". Dirudienez, beste hiri batzuetan lanean zeudenez, beranduegi heldu ziren bertara agenteak.
Halere, Poliziaren esanetan, agenteek euren esku zegoen guztia egin zuten, eta ikerketa abiatu dute istiluetan parte hartu zuten guztiak atxilotzeko.