Mundua -

Gobernu krisia

Dimisioa eman du Giuseppe Conte lehen ministro italiarrak

Italiako presidente Sergio Mattarellak iragarri du bilera-sorta egingo duela alderdi guztiekin, Gobernu krisiari irtenbidea bilatze aldera.

Giuseppe Conte lehen ministro italiarra. EFEren artxiboko argazkia
Giuseppe Conte lehen ministro italiarra
Giuseppe Conte lehen ministro italiarra. EFEren artxiboko argazkia

L.Z. | EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Giuseppe Conte lehen ministro italiarrak dimisioa aurkeztu dio, astearte honetan, Sergio Mattarella presidenteari. Kargu-uztea onartu eta alderdi politikoekin bilera-sorta abiatuko duela iragarri du azken honek, Estatuko buruzagitzak jakinarazi duenez.

Bihar bertan hasiko ditu bilera horiek, eta ostegunerako ere itxi ditu zenbait hitzordu. Esan bezala, horrekin helburu du Gobernu krisiari aurre egingo dioten konponbideak bilatzea. Izan ere, soka luzea ekarri du Matteo Renzi lehen ministro ohiaren Italia Viva alderdiak Conteren gobernua babestu ez izanak.

Gauzak horrela, Parlamentuko hurrengo hitzorduetan babes nahikorik izango ez duela jakinda, dimisioa ematea besterik ez zaio geratu Conte lehen ministroari. Besteak beste, Alfonso Bonafede Justizia ministroaren kudeaketa eztabaidatu behar zuten Parlamentuan, aste honetan bertan.

Ohar ofizial batean, Italiako presidentetzak azaldu du oraingoz Mattarellak ez duela, eguneroko aferekin lotuta, Gobernuan aldaketak iragarri.

Bihar, baina, Ganberako eta Senatuko presidenteekin bilduko da. Haien ondotik alderdi guztiak hartuko ditu, ordezkaritza txikiena duenetik hasita. Litekeena da Mattarellak lehen ministro berri bat izendatzea, nahiz eta Conteren asmoa beste bat den. Hain zuzen ere, Contek nahi du Mattarellak berriro ere bera aukeratzea lehen ministro, babesa bilatzeko tarte bat emanda, noski.

Halere, komunikabide italiarrek argi utzi dute geroz eta aukera gutxiago dituela Contek Gobernua osatzeko, Renzirekin adiskidetzea "zaila" ikusten baitute.

Bestalde, Silvio Berlusconi Forza Italiako buruak aurreratu du ez diola Conteren Gobernuari babesik emango. "Larrialdi egoera honetan herrialdearen batasuna ordezkatzen duen gobernu bat osatzea da irtenbidea, beste edozein konponbidek ez baitigu aurrera egiten utziko", esan du.

Ministroen kontseiluarekin izan da Conte goizean, 16 hilabeteotan egindako lana eskertzeko, komunikabide italiarren arabera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Eguneko albisteak Albisteak Italia