Mundua -
Errusia
Errusiako Justiziak hiru urte eta erdiko zigorra ezarri dio Navalniri
Epailearen esanetan, Navalnik baldintzapeko askatasuna urratu zuen iaz, Justiziak agindutako agerraldi judizialetara ez aurkezteagatik.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Errusiako Justiziak hiru urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri dio Alexéi Navalni opositoreari, 2014an ezarritako zigor bat gauzatuta. Zigor hori bidegabea izan zela ebatzi zuen orduan Giza Eskubideen Europako Auzitegiak.
Epailearen esanetan, Navalnik baldintzapeko askatasuna urratu zuen iaz, Justiziak agindutako agerraldi judizialetara ez aurkezteagatik.
2014, Novalni eta Oleg bere anaia dirua zuritzeagatik eta merkataritza iruzurra egiteagatik kondenatu zituzten. Hain zuzen ere, Yves Rocher Vostok enpresari 26,7 milioi rublo (400.000 euro baino gehiago) lapurtzea egotzi zioten, beste hainbat delituren artean, eta hiru urte eta erdiko zigorra ezarri zion Alexei Novalniri.
2017an, baina, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Errusiako Estatua kondenatu zuen, epai hori "bidegabea eta zentzugabea" zela ebatzita.
Azken egunetako epaiketan, opositoreak epailearen eta fiskalaren aurka egin du, eta Vladimir Putin Errusiako presidentea Historiara "pozoitzaile" gisa pasatuko dela salatu du.
Epaiak kontuan hartzen ditu Navalnik etxean atxilotuta eman dituen hilabeteak. Horrenbestez, hasiera batean bi urte eta zortzi hilabeteko kondena bete beharko du orain.
Navalniren abokatuek aurreratu dute helegitea aurkeztuko dutela.