Mundua -
PRESIDENTERAKO HAUTESKUNDEAK
Andres Arauzek irabazi du hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren
Ez du bigarren itzulia saihesteko adina boto eskuratu: botoen % 40 eskuratu behar zituen horretarako. Bigarren itzulian, apirilaren 11n, Yaku Perez edo Guillermo Lasso izango du aurkari.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Andres Arauz ezkerreko hautagaiak irabazi du hauteskundeen lehen itzulia Ekuadorren. Presidentea aukeratzeko hauteskundeak egin dituzte igande honetan herrialdean. eta Rafael Correa presidente ohiaren hautagaia izan da bozkatuena. Emaitza ofizial partzialen arabera, botoen %32,20 lortu ditu. Hala ere, ez du bigarren itzulia saihesteko adina boto eskuratu: % 40ren jabe egin behar zuen horretarako.
Bien bitartean, bigarren posturako lehia oso estua izaten ari dira Yaku Perez indigena eta Guillermo Lasso eskuineko hautagaia. Oraingoz, Yaku Perezek alde oso txikia ateratzen dio Guillermo Lassori. Bigarren geratzen denak Andres Arauz izango du aurkari apirilaren 11n egingo den bigarren itzulian.
Botoen % 97,56 zenbatuta, Yaku Perez indigenak botoen % 19,80 lortu ditu. Hirugarren tokian, botoen % 19,60rekin, Guillermo Lasso gelditu da.
Perez eta Lassoren arteko aldea hain da txikia ezen ezinezkoa da esatea nor gailenduko den. Aldaketaren bat duten aktak (5.579), berrikusi gabe daudenak (977) eta diasporaren botoa zenbatzea falta da.
Guillermo Lassok aurreratu duenez, bigarren itzulitik kanpo geratuz gero, Yaku Perezi emango dio babesa. Perezek, ordea, ez du esan gauza bera egingo lukeenik.
Arauzek, ostera, bere garaipenarekin, Rafael Correaz gain, presidente ohiaren politikak ere itzuliko liratekeela azpimarratu du.
Botoen zenbaketa uste baino motelago doa, baina badirudi hauteskundeetako bigarren itzulia izango dela apirilaren 11n.