Mundua -
Udaberri arabiarra
Oposizioko liderra lehen ministro izendatu du Yemengo presidenteordeak
Mohamed Basindwak adiskidetze nazionalerako gobernua osatu beharko du orain. Bestalde, Saleh presidenteak amnistia orokorra agindu du.
Erredakzioa
Mohamed Basindwa Batzorde Nazionala oposizioko koalizioaren liderra lehen ministro izendatu du Abd-Rabbu Mansur Hadi Yemengo presidenteordeak, Saba tokiko albiste agentziaren arabera.
Agentziaren teletipoan izendapenaren dekretu ofiziala dakar. Basindwa ostiralean aukeratu zuten oposiziokoek lehen ministro kargurako hautagai izateko.
Basindwak adiskidetze nazionalerako gobernua osatu beharko du orain, duela hamar hilabete hasitako matxinadek sortutako krisia gainditzeko.
Akordioa
Izendapen hori Golkoko Kooperazio Kontseiluak egindako trantsizio akordioaren barnean dago. Akordio hori Ali Abdula Sale presidenteak onartu zuen protesten eta matxinaden iraupena ikusita.
Salek asteartean sinatu zuen akordioa, Riaden. Ondorioz, bere boterea Hadi presidenteordeari eman zion. Orain, Basindwaren gobernu berriak presidentetzarako hauteskundeak antolatu beharko ditu. Hauteskunde horiek otsailaren 21ean egingo direla iragarri dute igande honetan.
Amnistia orokorra
Bestalde, Ali Abdala Saleh presidenteak amnistia orokorra agindu du "krisian erokeriak egin zituztenentzat", iragan urtarrilaren bukaeran hasitako matxinadari erreferentzia eginez.
Indultu horretatik kanpo geratzen dira krimenetan eta Sanako Presidentetzako Jauregiari egindako atentatuan parte hartu zutenak. Atentatu hartan Saleh presidentea larri zauritu zuten.