Mundua -

Emakumeen kontrako indarkeria

Afganistanen emakumezko jaiotzea, bizi osorako zigorra

Asiako herrialdean ohikoa da haurrak ezkontzea, ezkontzera behartzea, emakumeen salmenta zorra kitatzeko, bortxaketak, etab.

Emakume afganiar bat. Argazkia: EITB
Emakume afganiar bat.
Emakume afganiar bat. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariyam 17 urteko ama bat da eta Afganistanen gerta daitekeen okerrena emakume jaiotzea dela esan du; izan ere, 11 urte zituenean zazpi urte gehiago zituen mutiko batekin ezkontzeko tratua egin zuten gurasoek eta 3.000 dolarren truke gizon horrekin ezkondu zen 14 urte zituenean. Asiako herrialdean ohikoa da haurrak ezkontzea, ezkontzera behartzea, emakumeen salmenta zorra kitatzeko, bortxaketak, etab.

Senarra taxi gidaria da eta oraindik zorra kitatu behar du aitaginarrebarekin. “Lehenengo, saldu egin ninduten. Gero erosi egin zidaten emazte izateko”, azaldu du Mariyamek. 15 urterekin “lehenengo semea” izan zuen arte aitaginarrebak jo egiten zuela aitortu du.

Egoeraren larritasuna erakusten duten hainbat egiazko historia bildu dituzte Nazio Batuen Erakundeak hile honetan argitaratu duen txosten batean.

Beste batean 15 eta 17 urteko bi ahizpen historia kontatzen da. Biak hil zituzten Herat probintzian uko egin ziotelako familiak hautatutako gizonarekin ezkontzeari.

Familia politikoa izan behar zutenek jipoitu egin zituzten logela baten barruan.

Poliziak atxilotu egin zituen erasotzaileak, baina auzitegiak bi pertsona bakarrik zigortu zituen eta gainerakoak libre geratu ziren.

Bestalde, Jawzjan probintzian soldadu batek prostituitzera behartu zuen emaztea etxebizitzaren alokairua ordaintzeko eta zazpi urteko kartzela-zigorra ezarri zion epaitegiak.

Talibanen erregimenaren garaian, 1996tik 2001era, emakumeen egoera bereziki gogorra izan zen Afganistanen.

Burka janztera behartu zituzten eta lan egitea, ikastea edo kalera ateratzea (bakarrik, gizonezko senide batekin ahal zuten) debekatu zieten.

Talibanak erori eta nazioarteko indarrak Afganistanera iritsi zirenetik egoera aldatzen hasi da. NBEren txostenaren arabera, “aurrerapausoak” eman dituzte azken urteotan. Horren erakusgarri, emakumeen % 38 eskolara joan dira, Parlamentuan 69 emakumezko diputatu daude eta beste batzuek pilotu izatea lortu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea