Mundua -
Erasoa Iranen
Poliziak Erresuma Batuko enbaxada hustu du, ikasleen erasoen ostean
Iranek Erresuma Batuarekin dituen harremanak hausteko eskatu dute manifestariek Teheraneko enbaxada britainiarrean.
Erredakzioa
Esparrua eta Britainia Handiko enbaxadaren inguruak hustu ditu Poliziak. Teherango enbaxadak hiru eraso jasan ditu gaur ikasle islamiarren eskutik. Londresek Irani ezarritako zigor berrien aurka protesta egin dute ikasleek.
Irango zenbait komunikabideren arabera, egoera normalizatu egin da enbaxadako zonan, Poliziak ikasleen aurka kargatu ostean. Ordezkaritza hiriburuaren iparraldean dago.
Ahmad Reza Radan jenerala enbaxadara joan eta ikasleei ultimatuma eman die. Esparrua husteko eta elkarretaratzea desegiteko eskatu die ikasleei Irango Poliziaren azpikomandanteak.
Ikasle islamikoen talde batek Teheraneko enbaxada britainiarra hirutan hartu du. Bertan dokumentuak lapurtu eta kalteak eragin dituzte, ISNA agentziak esan duenez. Bestalde, enbaxadako sei langile bahitu dituzte, baina Poliziak askatzea eta Erresuma Batuko ordezkarien esku jartzea lortu du.
Poliziak enbaxada inguratu du, baina hala ere ikasleek bertara sartzea lortu dute eta banderak eta pankartak jarri dituzte eraikinean.
Manifestariak, erregimen islamiarraren ikasle ultrakontserbadoreak gehienak, lehen bait lehen enbaxadore britainiarra bertatik botatzeko eskatu dute beste behin. Gainera, Iranek Erresuma Batuarekin dituen harremanak hausteko eskatu dute (azken herrialde honi, "azeri zaharra" deitzen diote).
Gainera, ez direla bertatik joango esan dute eta behin betiko gelditzera deitu dute, 1979 urtean Estatu Batuetako enbaxadarekin egin zuten bezala, 444 egunez bertan egon baitziren eta Washington eta Teheran artean harreman erabat hautsi ziren.
Istilu hauek, Iraneko Parlamentuak Erresuma Batuarekin harremanak gutxitzea aho batez onartu eta bi egunera gertatu dira. Onarpen honek, besteak beste, enbaxadoreak kentzea aurreikusten du.
Erresuma Batuak, berriz, Teherango enbaxadari egindako erasoa gaitzetsi du eta "onartezina" dela adierazi du. Irango Exekutiboari bertan dituen diplomazialariak babesteko eskatu dio.
Gainera, Erresuma Batuko Atzerri ministerioak Iranen bizi diren britainiar guztiei eskatu die "euren etxeetan egoteko".