Mundua -
ERRUSIA
Errusiako gasbide federal bat lehertu da Uralen hegoaldean
Oraingoz, ez dute istripua zerk eragin duen esan, ezta zenbaterainoko kalteak eragin dituen jakinarazi ere.
EITB MEDIA
Errusiako gasbide federal batek eztanda egin du, Ural mendien hegoaldean, Denis Pasler Orenburgeko gobernadorearen prentsa bulegoak jakitera eman duenez.
Oraingoz, ez dute istripua zerk eragin duen esan, ezta zenbaterainoko kalteak eragin dituen jakinarazi ere. Lehen datuen arabera, baina, gasbidea Gazprom Trangaz Yekaterimburg konpainiarena da.
"Gertakarien lekura erreskatatzaileak, Ingurumena Babesteko Ministerioko adituak eta ekologoak joan dira. Matxura konpontzeko indar guztiak mobilizatu dira", adierazi dute bertako agintarien komunikatuan.
Eskualdeko larrialdietarako departamentuaren arabera, leherketa Mujranovotik zazpi kilometrora gertatu da eta ez du biktimarik eragin.
Energia Ministerioak adierazi duenez, matxura dela eta, bertan behera geratu da Kazakhstango gas horniketa. Eskualdeko herritarrek, berriz, erregaia bide alternatiboetatik jasotzen jarraitzen dutela ziurtatu du.
Gaurko istripua aurten Errusiako gasbideen sarean gertatu den hirugarrena da.