Mundua -
Aurreakordioa
Gobernua osatzeko akordioa lortu dute Belgikako alderdiek
Akordioa behin betiko onartzeko zain, sei alderdiek aurrerapausoa eman dute 2010eko ekainean hasitako krisi politikoari amaiera emateko orduan.
Erredakzioa
Aurrekordioa behin betiko onartzeko zain, Belgikako sei alderdiek aurrerapausoa eman dute 2010eko ekainean egindako hauteskundeetan hasitako krisi politikoari amaiera emateko orduan. Izan ere, alderdiek Gobernua osatzeko akordioa lortu dute.
Adostutako agiriak 185 orrialde ditu, 'Le Soir' egunkariaren arabera. Akordioak Elio di Rupo Belgikako sozialista frankofonoen buruzagia lehen ministro bihurtuko du. Exekutibo berriaren barruan botere banaketa erabakitzeko asteburuan bilduko dira sei alderdiak, datorren astean Gobernuak Parlamentuaren onarpena jasotzeko.
Alderdi sozialistek, liberalek eta demokristauek hilabeteak daramatzate koalizio Gobernu bat negoziatzen, Aliantza Flandestar Berri (NVA) sezesionista kanpoan uzteko. Duela urte eta erdi egindako hauteskundeetan garaipena lortu zuen NVAk.
Jarduneko Gobernuak 18 hilabete eman ditu Belgika gobernatzen. 2010eko ekainean hauteskundeak aurreratu zituzten eta orduz geroztik alderdi politikoek ez dute akordiorik lortu.
Eskualdeei eskumen gehiago emateko Estatuaren erreforma sakona Gobernua osatzeko oztopo nagusia izan da. Izan ere, Flandesek erreforma eskatzen zuen, Valonia, ostera, horren aurka agertu zen. Baina duela aste batzuk alderdiek adostasuna iragarri zuten.