Mundua -
Emakume australiar bat
Hamabi urtez Zientziologiaren 'preso' egon da, luxuzko ontzi batean
Zientziologiaren Elizaren luxuzko ontzi batean 'preso' egon izanda salatu du Valeska Parisek. Aurretik, bere amak Zientzilogia utzi egin zuen senarrak bere buruaz beste egin ondoren.
Erredakzioa
Hamabi urtez luxuzko ontzi batean Zientziologiaren "preso" egon izana salatu du Australiako emakume batek. David Miscavige erakundeko liderrak Valeska Paris ontzira bidali zuen 18 urte bete zituenean eta amak eliza utzi ondoren.
Valeska Suitzan jaio zen, zientziologoen familia batean eta erakundearen sinesmenetan hazi zuten. Sei urte zituela Erresuma Batura joan ziren, Zientziologiaren egoitza nagusira, eta Valeska umeentzako taldean sartu zen. 14 urte zituela, goi-mailako talde batean sartu zuten. Horretarako, kontratu bat sinatu behar izan zuen, Zientzilogiari bilioi bat urtez lotzen zuena.
Handik gutxira, Valeskaren amak Zientziologiaren Eliza salatu zuen Frantziako telebistan, Alber Jaquier senarrak bere buruaz beste egin zuela ikusita. Jaquierrek dirutza egin zuen urteak pasa ahala baina azken egunak pobrezian igaro zituen; bere esanetan, Zientziologiak diru guztia kendu ziolako.
"Ama elizaren kontra ari zela eta niretzako onena bere albotik aldentzea zela esan zidaten, bere eragina kaltegarria izan zitekeelako", azaldu du Valeskak ABC Australiako kate publikoan egindako adierazpenetan.
Australiarra Freewind ontziara joan zen. Bertan Zientziologiaren goi-mailako ikastaroak ematen dira Karibetik bidaiatzen duten bitartean. Valeskak, hala ere, derrigorrezko lanak egitera behartu zutela salatu du.
Zientziologiaren Elizak dena ukatu du
Valeska Parisek egindako adierazpenei erantzuteko, Zientziologiaren Elizak komunikatu bat atera du emakume australiarraren bertsioa ukatzeko. Horrekin batera, epaitegietara jotzearekin mehatxatzen dute, izan ere, Valeskaren hitzek bien arteko isilpeko akordioa hausten du.
"Valeska ez genuen ontzian egotera behartu. Ezta berak aipatutako lanak egitera derrigortu ere", esaten dute komunikatuan.