Mundua -
Goi-bileraren ondorioak
Datorren urterako ekintza plan batekin amaitu dute CELACen bilera
CELAC Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoak amaitutzat eman du lehen goi-bilera 2012rako ekintza plan batekin eta Caracaseko Adierazpenarekin.
Erredakzioa
Caracaseko Adierazpenean, Latinoamerikako eta Karibeko Estatuen Erkidegoko partaide diren33 herrialdeek "integrazio politikoan, ekonomikoan eta kulturalean aurrerapauso bat " ematea adostu dute. Horretarako, "batasunaren eta aniztasunaren arteko oreka" proposatu dute. Gainera, erakunde hau Latinoamerikako eta Karibeko identitatea berresteko gunea bilakatuko dute.
Lationoamerikako kulturen eta herrien aniztasunaren errespetua azpimarratzen du adierazpenak.
Zentzu honetan, "nazioarteko eskubideen errespetua, gatazken irtenbide baketsua, indarkeriaren erabileraren gaitzespena, autodeterminaziorako eta subiranotasunerako errespetua" dira besteak beste, adierazpen honek hautsiezineko arau bezala ezartzen dituen oinarriak.
Inperialismoaren aurka eta talde indigenen alde aipamen ugari egiten dira adierazpenean. Bestetik, "barne ezberdintasun sozialak gutxitzeko politikak" ere aipatzen dira, Nazio Batuak ezarritako "Milurtekoaren Garapen Helburuak" lortzeko.
Bestalde, finantza krisiari aurre egiteko, CELAC erakundeko kide diren herrialdeek finantza-egitura berri bat sortzearen alde apustu egin dute datorren urteko ekintza planaren barruan. Agintari guztiek gehien bat errepikatu dituzten kontzeptuak batasuna eta integrazioa izan dira, krisiaren eraginen aurka indartsuago izateko.
Era honetan, 2012ko bigarren sehilekoan bilera bat deitu dute osasun, hezkuntza eta elikagaien segurtasunerako ekintza planak egiteko. Ingurugiroaren gaiak kudeatzeko lan taldeak ere egingo dituzte.
AEBek Kubarekin duten blokeoa amaitzeko eskatu dute
CELAKeko 33 herrialdeek Ameriketako Estatu Batuek Kubarekin duten blokeoaren aurka azaldu dira. Dokumentu berezi batean, AEBetatko gobernuari 1962tik mantentzen duten "blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioarekin" amaitzeko eskatu diote.