Mundua -
Gatazka armatua
Siriako presidentearen aldeko matxinoek 50 lagun inguru hil dituzte
Siriako Giza Eskubideen Behatokiak salatu duenez, Bachar al Asad presidentearen aldeko taldeen errepresioaren ondorioz, 50 lagun, gutxienez, hil dira Homs hirian.
Erredakzioa
Gutxienez 50 lagun hil dira astelehen honetan Siriako Homs hirian, Bachar al Asad presidentearen aldeko taldeen errepresioaren ondorioz, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak astearte honetan salatu duenez.
Oposizioko taldeak azaldu duenez, ekintzaile batek Gobernuaren gaizkileek atxilotutako 34 lagunen gorpuak ikusi zituen atzo Homs hiriko Al Zahra auzoan.
Informazio hauek ezin izan dituzte egiaztatu, Siriako buruzagiek kazetariei oztopo anitz jarri dizkietelako.
Astelehen honetan, Liga Arabiarrak Siriaren gaineko zigorrak mantentzea erabaki zuen.
Joan den martxotik Gobernuaren aurkako protestetan 4.000 lagun inguru hil dira Sirian, Nazio Batuak salatu duenez. Honen arabera, Siriak gerra zibileko norabidea hartu du.
Bestalde, Hizbulako liderra, Hasan Nasrala, lehen aldiz agertu da jendaurrean 2010etik. Siria eta Iraneko gobernuen alde egin du eta Bashar al Assaden gobernuari babesa berretsi dio. Siriako oposizioari herrialdea Ameriketako Estatu Batuei eta Israeli ematea egotzi dio Nasralak.