Mundua -

Juztizia Israel

Israelgo Katsav presidente ohiak 7 urteko kartzela zigorra hasi du

Israelgo estatuburu ohi bat kartzelaratzen duten lehen aldia da, eta horrek, iturri ofizialen arabera, legearen aurrean berdintasuna dagoela frogatzen du.

Katsav presidente ohia kartzelako atarian. Efe
Katsav presidente ohia kartzelako atarian. Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moshe Katsav Israelgo presidente ohia 7 urteko kartzela zigorra betetzen hasiko da gaurtik aurrera. Bortxaketa delituagatik zigortu zuten pasatu den martxoan, baina errugabea dela azpimarratu du, bizirik dirauen bitartean "lurperatu" dutela deitoratuz.

Kartzelara bidea hartu aurretik "egiak argia ikusiko duen eguna" iritsiko zain egongo dela esan du Katsavek, bere etxe aurrean zain zeuden lagun eta kazetariez agurtu baino lehen. "Helduko da eguna non injustizia hau egin dutenen kontzientzia esnatuko den, eta hor konturatuko zarete bizirik nagoen bitartean lurperatu nauzuela".

"Gaur bost urte iraun duen etengabeko borroka bukatutzat ematen dut. Neuk badakit, eta ondo ezagutzen nautenek ere, salaketak faltsuak direla", ziurtatu du Katsavek Maasiyahu kartzelako atarian. Bertan, eroskeria delituagatik preso dagoen Osasun ministro ohi batekin elkartuko da.

Israelgo estatuburu bat kartzelaratu duten lehen aldia da, eta horrek, iturri ofizialen arabera, legearen aurrean berdintasuna dagoela erakusten du.

Martxoan ezarri zioten kondena

2000 eta 2007 urteen artean Israelgo presidente kargua bete zuen Katsavek. Zazpi urteko kartzela zigorra ezarri zioten iaz, ministro garaian, 90eko hamarkadan, laguntzaile bat birritan bortxatu eta presidente garaian beste bi emakumeri erasotzeagatik. Errekurtsoa aurkeztu ondoren, Auzitegi Gorenak helegitea atzera bota eta zigorra berretsi zuen.

Lehenengo zigor-epaiak Katsav maiatzean kartzelaratu behar zutela zioen. Gorteak, ordea, Gorenak errekurtsoarekin zer egin erabaki arte presidente ohiak kalean jarraitzea erabaki zuen. Kneset Israelgo Parlamentuko hainbat diputatuk presidente ohi izanagatik dituen pribilegioak kentzea eskatu dute, baina badirudi, oraingoz, erretiratutako presidente izateagatik daukan pentsioa jasotzen jarraituko duela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea