Mundua -
SUEZKO KANALA
Askatu dute Suezko kanalean hondartutako "Ever Given" ontzia
Astelehen goizaldeko maniobrek arrakasta izan dute eta 10 atoiontzi erraldoiren laguntzarekin itsasontzia askatzea lortu dute. Hala ere, ez dute oraindik iragarri noiz zabalduko duten Suezko kanala.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Suezko kanalean asteartetik hondartuta zegoen Ever Given kargaontzia libratzea lortu dute bart goizaldean. Ez dute erabat zuzendu oraindik, baina mugitu dute. Hala ere, ez dute argitu noiz ekingo dioten berriro itsas trafikoari.
Suezko kanaleko Agintaritzak astelehen honetan baieztatu duenez, Ever Given ontzia 04:30 aldera jarri dute partzialki ur-azalean. Orientazioa % 80 zuzendu eta itsasertzetik 102 metrora urrundu dute. Lehen, kanalaren ertzetik lau metrora zegoen.
Erreskate lanetan, 10 atoiontzik eta hainbat dragak parte hartu dute. Goizaldeko itsasgora eta ilargi betea ere lagungarri izan dira.
Suezko kanaleko Agintaritzaren esanetan, "uraren maila puntu gorenera igotzen denean", 11:30 aldera hasiko dira berriro maniobrekin. Ever Given ontziaren orientazioa erabat aldatu eta kanalaren ibilguan paralelo jarri nahi dute.
Martxoaren 23tik zegoen Suezko kanalean ez atzera ez aurrera.
Ondorioz, 300etik gora ontzi daude inguruan pilatuta. 400 bat metro luze eta 65 metro zabal da, eta 230.000 tonako edukiera du. Panamako bandera duen ontzia haize kolpe baten ondorioz geratu zen trabes kanalean, Txinatik Rotterdamerako bidean zihoala.
Suezko kanalean lan egiten duen Maersk enpresaren arabera, pasabidea erabat irekitakoan, 3-6 sei egun beharko dira itsasontzi ilara luzeak desagerrarazteko. Munduko merkataritzaren % 10 igarotzen da bertatik.