Mundua -
Analisia
Egipto bide motelean, Tunisia abiada bizian
Egipton transizioa oso konplexua ari da izaten, Tunisian, aldiz, justu kontrakoa, modu eredugarrian ari dira egiten guzita.
Jesus Torquemada
Egipton presidentea aukeratzeko prozesu luze horren baitan bigarren hauteskunde eguna dute gaur eta oraindik hirugarren bat geratzen zaie, Urtarrilaren 10-ekoa, hain zuzen. Ondoren hainbat egun beharko dituzte botoak zenbatu eta hauteskundeak nork irabazi dituen jakin arte.
Duela pare bat aste, lehendabiziko hauteskunde egunean gertatu zena ikusita ia zalantzarik ez dago alderdi islamiarrak aterako direla garaile. Anai Musulmanen eta hauek baino muturragokoak diren salafisten artean botoen ehuneko 60 eskuratu zuten. Gaurko hauteskunde eguna aurrekoa baino baketsuagoa izatea aurreikusten da, ordukoa militarren kontrako manifestazio handien artean igaro bait zen, hain zuzen ere militarrak dira oraindik agintean segitzen dutenak.
Egipton transizioa oso konplexua ari da izaten, Tunisian, aldiz, justu kontrakoa, modu eredugarrian ari dira egiten guzita. Han ere legegintzarako hauteskundeak egin dituzte jada, En Nahda alderdi islamiarrak irabazi dituenak eta baita presidentea aukeratzekoak ere. Moncef Marzoukik atzo hartu zen Tunisiako presidente kargua. Han dena nahiko azkar joan da.
Oraintxu beteko da urtebete Mohamez Buazizizek bere buruaz beste egin zuela Bonzo erara bere buruari su emanez, kaleko saltzaile bat zen eta modu horretan egin nahi izan zuen Ben Ali presidenteak gidatzen zuen erregimenaren kontrako protesta. Hor piztu zen sua eta ekintza horrek eman zion hasiera Tunisiako altxamenduari. Hilabete eskasean Ben Alik erbestera ihes egin behar izan zuen. Europako Parlamentuak hain zuzen ere Mohamed Buazizi zenari emango dio gaur Sajarov saria, Kontzientzia Askatasunaren saria udaberri arabiarreko beste 4 protagonistekin batera.