Mundua -

EGIPTO

Luxorreko 'Urrezko Hiri Galdua' aurkitu dute

Egipton inoiz aurkitu den hiririk handiena da. Amenhotep III erregeak sortu zuen eta duela 3.000 urte galdu zen hondarraren azpian.

Luxorreko (Egipto) 'Urrezko Hiri Galdua'. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
Luxorreko (Egipto) 'Urrezko Hiri Galdua'.
Duela 3.000 urteko antzinako hiri bat aurkitu dute Luxorren, Egipton

1:14

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zahi Hawass arkeologoak zuzendutako Egiptoko misioak antzinako hiri bat aurkitu du Luxorren, 'Atonen Igoera', duela 3.000 urte hondarraren azpian galdu zena. Aurkikuntzari "Urrezko Hiri Galdua" izena jarri diote eta Amenofis III.aren erregealdiaren garaikoa da; Tutankhamon eta Ay faraoiek erabiltzen jarraitu zuten.

Hawassen taldeak Egipton inoiz aurkitu den hiririk handiena aurkitu du. Amenofis III.a erregeak sortu zuen (XVIII. dinastiako bederatzigarren erregea), Egipto gobernatu zuena K. a. 1391 eta K. a. 1353 bitartean, eta erregeak bere seme Amenofis IV.a/Akenatonekin batera gobernatu zuen bitartean egon zen aktibo.

Luxorreko mendebaldeko ertzean dagoen egiptoar inperioaren garaiko finkapen administratibo eta industrial handiena da. "Hiriko kaleek etxeak dituzte alboetan; horma batzuek 3 metroko altuera dute eta hiria mendebalderantz hedatzen dela esan dezakegu, Deir El-Medina ospetsuraino", azpimarratu du arkeologoak.

Hawassen esanetan, "atzerriko misio askok hiri hau bilatu dute eta ez dute inoiz aurkitu. Tutankhamonen hileta-tenpluaren bila hasi ginen lanean, Horemheb eta Ayren tenpluak eremu honetan aurkitu baitziren".

Baltimoreko John Hopkins Unibertsitateko Egiptologia irakasle Betsy Brianen ustez, Tutankamonen hilobitik Egipton egin den bigarren aurkikuntza arkeologiko garrantzitsuena da.

Azaldu duenez, "Hiri Galduaren aurkikuntzak ez digu soilik antzinako egiptoarren bizitzaren ikuspegi berri bat emango inperioa bere garairik aberatsenean zegoenean, baizik eta historiako misterio handienetako bat argitzen lagunduko digu: Akenaton eta Nefertiti Amarnara aldatzearen arrazoia".

Indusketa 2020ko irailean hasi zen, eta, lanak hasi eta aste gutxitara, buztinezko adreiluak agertzen hasi ziren norabide guztietan.

Taldeak kontserbazio egoera onean zegoen hiri handi bat lurpetik atera zuen, horma ia osoak eta eguneroko bizitzarako tresnez betetako gelak zituena. Geruza arkeologikoak bere horretan egon dira milaka urtez, garai bateko egoiliarrek utzita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Egipto Historia