Mundua -
PERU
Castillo ezkertiarra beste hautagai batekin lehiatuko da bigarren itzulian
Lehia estua izaten ari da bigarren posturako eta oraindik ez dago argi zein Hernando de Soto edo Lopez Aliaga izango den.
EITB Media | Agentziak
Perun presidentea aukeratzeko hauteskundeen lehen itzulia egin dute eta, behin-behineko datuen arabera, Pedro Castillo ezkerreko hautagaia pasatuko da bigarren itzulira oraindik erabaki gabe dagoen beste hautagai batekin batera. Itxura guztien arabera, Hernando de Soto edo Lopez Aliaga izango da.
Pedro Castillok ezustekoa eman du lehen itzulian, izan ere, inkestek ez zuten aurreikusten bost hautagai bozkatuenen artean egongo zenik. Ezkerreko hautagaiak botoen % 15,81 eskuratu du, boto paperen % 11,44 zenbatuta.
Haren atzetik, bi hautagairen arteko lehia dago bigarren itzulira igarotzeko. Oraingoz, Hernando de Sotok botoen % 14,47 lortu du, Lopez Aliagak, % 13,13 eta Keiko Fujimorik, % 12,18.
Inkestek irabazteko faborito jotzen zuten Yonhy Lescano hautagaia bosgarren postuan gelditu da, botoen % 8,94rekin. Veronika Mendoza presidentegaiak botoen % 7,94 bereganatu du.
Pedro Castillok eskerrak eman dizkio "Peruko herriari", haren hitzetan, "benda begietatik kendu berri duelako". Hala ere, "adi egotea" eta "probokazioetan ez erortzea" eskatu du.
Hauteskundeen lehen itzulian parte-hartzea % 73,87koa izan da.