Mundua -

Heriotza

Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagi komunista hil da

Agintari iparkorearra larunbatean hil zen "neke fisikoaren" ondorioz. Bere seme bat izango da erregimenaren buruzagitzan lekukoa hartuko duena. Hego Koreak alerta militarra ezarri du.

Kim Jong-ilen semea izango da, ziurrenik, agintea hartuko duena. Argazkia: Efe
Kim Jong-ilen semea izango da, ziurrenik, agintea hartuko duena.
Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagi komunista hil da

03:07

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kim Jong-il Ipar Koreako buruzagi komunista hil egin da, KCTV telebista kate ofizialak jakitera eman duenez.

Kim iragan abenduaren 17an hil zen "neke fisikoaren" ondorioz tren bidaia batean, Yonhap Hego Koreako albiste-agentziak iturri ofizialak aipatuta azaldu duenez.

Kim Jong-ilek 69 urte zituen eta osasun egoera txarrean egon da 2008an apoplejiak jo zuenetik.

"Kim Jong-il gure buruzagi maitea larunbatean, abenduaren 17an, hil zen 08:30ean buruzagi lanak egitera zihoala tren bidaia batean", adierazi du, negar malko artean eta doluz jantzita, KCTV kateko aurkezleak.

Tren bidaia horretan egindako "esfortzu mentalaren eta fisikoaren" ondorioz hil zela zehaztu dute aipatu telebista katean.

Kim Jong-un, hil berri den buruzagiaren semea, izango da Ipar Koreako buruzagiaren lekukoa hartuko duena. Ez dago informazio handirik gizon horren inguruan, baina 29 urte omen ditu eta lau izarreko general eta Langileen Alderdiko Batzorde Militar Zentralaren presidenteorde izendatu zuten 2010ean.

Kim Jong-ilek 17 urte zeramatzan Ipar Koreako dinastia komunistaren buru eta izan duen jarrera irmoagatik egin da ezagun.

Duela hiru urte jasandako apoplejiaren ondorioz, oso agerraldi publiko gutxi egin ditu azkenaldian eta egiten zuenetan ahul ikusten zitzaion, bere irudiaren ikur bihurtu ziren eguzkitako betaurrekoak jantzita eta jantzi militarra soinean.

Aurten, Ipar Koreako buruzagi ohia Txinara joan zen maiatzen Txinara, Ipar Korearen aliatu nagusia baita, eta abuztuan Errusiako ekialdean izan zen.

Hego Korea, alertan

Ipar Koreako buruzagiaren heriotzaren berri jakin ondoren, Hego Koreako Armadak alerta ezarri du eta Gobernuak larrialdi plana jarri du abian.

Hileta, abenduaren 28an

Kim Jong-ilen hileta abenduaren 28an izango da Pyongyangen, KCNA agentzia ofizialak jakinarazi duenez. Era berean, herrialde asiarrean dolua ezarri dute abenduaren 29a arte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea