Mundua -
Soslaia
Kim Jong-il, munduko mehatxu nuklear nagusietako baten buru
Oinordekotzan oinorritutako munduko dinastia komunista bakarraren buruzagi izan zen 17 urtez, eta bere herrialdea mehatxu nuklear batean bihurtu eta pobrezian murgildu zuen.
Erredakzioa
Kim Jong-il, hil berri den 69 urteko buruzagi komunista iparkorearra, oinordekotzan oinorritutako munduko dinastia bakarraren buruzagi izan zen 17 urtez, eta bere herrialdea mehatxu nuklear batean bihurtu eta pobrezian murgildu zuen.
2008an apoplejiak jo zuenetik, agerraldi publiko gutxi egin ditu eta itxura ahula erakusten zuen, baina beti bere ikur bihurtu zituen eguzkitako betaurrekoak jantzita eta jantzi militarra soinean.
Kim Il-sung aita, Ipar Korearen fundatzailea, "buruzagi handia" eta "betirako presidentea" izan bazen, Kim Jong-il "buruzagi maitatua" izan zen 1994tik aurrera.
Erregimena bere burua eta aitarena jainkotzean oinarritu zen, eta "buruzagi maitatua" estratega mehatxatzaile eta anakroniko bihurtu zen, izan ere, ekonomia lur jota egonda ere, potentzia atomiko bihurtu zuen Ipar Korea.
Hala ere, laguntasun garaiak ere bizi izan zituen Hego Korearekin eta AEBekin, baina froga nuklearrek eta misilen jaurtiketek zapuztu egiten zituzten egoera horiek.
Duela hiru urte jasandako apoplejiak ondorio nabarmenak utzi zizkion eta horrekin batera bihotzeko arazoak eta diabetesa pairatu zituen.
Hala ere, 2011n bi bidaia luze egin zituen Kimek, bata Pekinera eta bestea Errusiara. Biak blindatutako tren batean egin zituen, hegazkinean joateak beldurra ematen baitzion, eta dirudienez, oinordekotza prozesuaz hitz egiteko egin zituen bidaiok.
Tren batean heldu zaio hain zuzen ere heriotza, Ipar Koreako telebista kate ofizialaren arabera.
Kim Jong-il 1941eko otsailaren 16an, Siberian, jaio zela uste da, izan ere, bere familia hara joan zen ihesi II. Mundu Gerran eta bertako erregistroetan Yuri Ilsungyevichi Kim gisara azaltzen omen da.
Bere biografia ofizialean, ordea, 1942an Paektu Ipar Koreako mendi sakratuan jaio zela azaltzen da, bere aita jaio eta 30 urtera.
Eskolako ikasketak amaitu ondoren, Langileen Alderdiko kultura eta propaganda departamentuaren buru izendatu zuten eta formakuntza politikoa jaso ahala goraka egin zuen.
1980an alderdiak Kongresua egin zuen eta bertan izendatu zuten aitaren oinordeko eta Batzorde Militarreko kide.
Baina 1991n jaso zuen lehenengo aldiz boterea, Armadaren Komandante Goren izendatu zutenean.
Hiru urte geroago, 1994ko uztailean, aita hil zen eta Ipar Koreako buruzagi bilakatu zen, baina botere osoa hiru urteko doluaren ostean hartu zuen.
Pazientzia gutxiko gizona eta xelebrea zen, baita janari on eta alkohol zalea ere. Gainera, emakumezalea ere ba omen zen, nahiz eta sekretupean egon bere harremanak.
Buruzagi komunistaren sukaldari izan zen Kenji Fujimoto japoniarrak liburu batean azaldu zuenez, Kimek afari handiak antolatzen zituen eta ez zen caviar eta alkoholik falta izaten.
Zinea ere asko gustatzen omen zitzaion, eta zenbait iturriren arabera, akziozko eta espiotzari lotutako milaka film zituen etxean.
Kim Jong-ilek hiru seme eta lau alaba izan zituen emazte desberdinekin.