Mundua -
heriotza
Bernard Madoff, historia osoko iruzurgile handiena zena, hil da
Madoffi 150 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2009an, jar ziezaioketen zigorrik handiena, 50.000 milioi dolarretik gorako iruzur piramidalagatik.
eitb media
Bernard Madoff Wall Streeteko finantzaria, 50.000 milioi dolarretik (41.824 milioi euro) gorako iruzurra egin zuena, hil da Ipar Carolinako (AEB) kartzela federal batean, 82 urte zituela.
Madoffi 150 urteko kartzela-zigorra ezarri zioten 2009an, jar ziezaioketen zigorrik handiena, 50.000 milioi dolarretik gorako iruzur piramidala egiteagatik. Epaia emateko orduan, epaileak esan zuen pertsona bakar batek inoiz egindako iruzur handiena egin zuela.
Iazko ekainean, AEBko Justiziak askatasuna ukatu zion arrazoi humanitarioak argudiatuta aske uzteko egin zuen eskaria. Madoffek aurretiaz eskatua zuen lagun baten etxera lekualdatzeko eskaria egin zuen aurretik, bere bizitzako azken egunak bertan emateko, giltzurruneko gaixotasun sendaezina diagnostikatu ziotenean.
"2009an Madoff jaunari zigorra ezarri nionean, nire asmoa zen bere bizitza osoa kartzelan ematea", azaldu zuen epaileak 2020ko erdialdera. Gaineratu zuenez, "bere abokatuek 12 eta 20 urte bitarteko kartzela-zigorra eskatu zuten, eguzki-argia ikus zezan, baina ez zitzaidan iruditu itxaropen hori merezi zuenik, eta ordutik ez da ezer aldatu".