Mundua -

KORONABIRUSA

MOE Indian identifikatutako covid-19aren aldaera berri bati begira dago orain

Oraingoz, ez dakite aldaera hori herrialdeko kasuen gorakada handiarekin erlazionatuta dagoen.

PCR proba Indian. Argazkia: EFE
PCR proba Indian.
PCR proba Indian. Argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munduko Osasun Erakundeak (MOE) baieztatu duenez, datuak jaso ditu eta Indian identifikatutako koronabirusaren aldaera bati begira dago orain. Oraingoz, ez dakite herrialdeko kasuen gorakada handiarekin lotuta dagoen.

Aldaera berriak bi mutazio ditu bere genoman, eta 2020. urtearen amaieran aurkitu zuten Indiako bi estatutan. Maria Von Kerkhove MOEko koronabirusaren aurkako talde teknikoaren buruaren esanetan, ordutik "kasuen proportzioak gora egin du".

Aldaera berriaren aurkikuntza SARS-CoV-2 koronabirusaren sekuentziazio genetikoko lanen emaitza izan zen. Lan horiek nazioartean egiten dira birusa kutsakorragoa egin, sintoma larriagoak eragin edo test, txerto edo medikamentuak baliorik gabe utzi ahal dituen birusaren edozein aldaketa ahalik eta lasterren detektatzeko.

Adituaren hitzetan, "dakigunaren arabera, birusak denborarekin aldatu egiten dira, mutatu egiten dute, eta hau jarraitzen ari garen aldaera interesgarri bat da". Azaldu duenez, detektatu diren mutazioek erregistratu diren beste mutazio batzuekin antzekotasunak dituzte, kutsatze gehiago eragin ditzakete eta, kasu batzuetan, "neutralizazioa murriztu dezakete, eta horrek neurri batzuei eragin diezaieke, txertoei esaterako".

Von Kerkhovek azaldu du MOE Indiarekin eta beste herrialde batzuekin lanean ari dela nazioartean sekuentziazio genetikoak areagotzeko eta aldaera interesgarriak eta "kezkagarriak" detektatzeko eta ebaluatzeko.

Aldaera britainiarra, hegoafrikarra eta brasildarra "kezkagarriak" dira, eta azken hilabeteetan munduan zehar hedatu dira hirurak.

"Txertoek aldaera kezkagarrien aurka funtzionatzen jarraitzen dute, bereziki sintoma larrien aurka, eta hori esatea garrantzitsua da", azpimarratu du Von Kerkhovek.

Covid-19aren egoera

Indiak koronabirus kasuen errekor berri bat erregistratu zuen aurreko ostiralean, 217.000 positibo baino gehiagorekin, herrialde honetako pandemiaren bigarren olatua den honetan. Munduan kasu kopuru gehien dituzten herrialdeen zerrendan bigarren dago India (14,3 milioi kutsatu) eta laugarren dago covid-19ak eragin dituen heriotza kopuruen zerrendan (174.308).

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gaixotasunak Eguneko albisteak Albisteak India Koronabirusa Munduko Osasun Erakundea