Mundua -
Iruzkina
Ipar Korearekin kezkatuta daude Asia aldean
Kim Jong-Un buruzagi berriak norabide erasokorragoa hartuko ote duen beldur direlako kezkatuta daude Hego Korean.
Jesus Torquemada
Kim Jong-Il-en heriotzaren ostean Ipar Korean sortu den egoerak ez gaitu asko kezkatzen Europa aldean, baina Asian kezka handia eragin du. Hego Korean sortu du kezka gehien bat Kim Jong-Un buruzagi berriak norabide erasokorragoa hartuko ote duen beldur direlako. Hego-korearrek ondo gogoan dute azken urtebetean Ipar Koreak gerra-ontzi bat urperatu eta uharte bat eraso dietela.
Japonian ere kezkatuta dabiltza. Japoniari ez zaio batere gustatzen Ipar Koreak bonba atomikoak eta misilak izatea, edozeinuneetan jaurti ditzake eta.
Kezkatuta dabil Txina ere. Ipar Korearekin adiskidantzazko harremanak dituen herrialde bakarra da eta honek badu nolabaiteko eragina Ipar Koreako erregimenean. Hala eta guztiz ere, Ipar Korean ematen den edozein mugimenduk goitik behera alda dezake egoera.
Herrialde horrek isolatuta jarraitzen badu edo Kim Jong-Unek ez badu boterea kontrolpean hartzea lortzen kolapsoa eragin dezake egungo erregimenean eta hori arazo bat izango litzateke Txinarentzat, Ipar Koreako milaka errefuxiatuen arazoari aurre egin beharko liokeelako.
Kim Jong-Unek herrialdearen ateak zabaldu eta Hego Korearekin batzeko bidea hartuko balu, berriz, hortik sortuko litzatekeen Korea Batua merkataritza alorrean Txinaren arerio garrantzitsua izan liteke. Gauzak horrela, ziurrnik, Pekinek nahiago izango du gauzak dauden moduan jarraitzea.