Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

George Floyd kasuko epaimahaikideak deliberatzen hasi dira

Aho batez hartu beharko dute erabakia. Derek Chauvin polizia ohia zigortzeko, leporatzen dizkioten hiru karguetako baten errudun jo beharko dute gutxienez.

George Floyden heriotza argitzeko epaiketa. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia
George Floyden heriotza argitzeko epaiketa
George Floyden heriotza argitzeko epaiketa. EITB MEDIAren bideo batetik ateratako irudia

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ameriketako Estatu Batuetan George Floyd afroamerikarraren heriotzagatik egin den epaiketan, 12 epaimahaikideak hasi dira deliberatzen. Aho batez hartu beharko dute erabakia, eta egunak edo asteak igaro daitezke epaia izan arte.

Peter Cahill epaileak epaia aho batez eman behar dutela gogorarazi die epaimahaiko kideei, eta epaiketan aurkeztutako frogetan soilik oinarritzeko eskatu die. "Justuak izan behar duzue", esan die Cahillek. Halaber, aurreiritziek eta iritzi publikoak eurengan eraginik ez izateko eskatu die.

Chauvin erruduna den ala ez erabaki beharko dute epaimahaiko kideek. Hiru kargu leporatzen dizkiote: bigarren graduko hilketa, hirugarren graduko hilketa eta erruzko homizidioa bigarren graduan.

Derek Chauvin zigortzeko, gutxienez leporatzen dizkioten hiru karguetako baten errudun jo beharko dute. Horrela izanez gero, 40 urterainoko kartzela zigorra jaso dezake polizia ohiak.

Egunak edo asteak igaro daitezke azken erabakia ezagutzeko.

Ahozko epaiketaren azken saioan, defentsak eta akusazioak beren azken alegazioak aurkeztu dituzte.

Bi astez luzatu den epaiketan, Derek Chauvin polizia ohiak uko egin dio deklaratzeari.

Akusazioak ia 40 pertsona deitu dituzte deklaratzera, lekukoak, perituak eta polizia adituak tartean. Horiek guztiek berretsi dutenez, Chauvinek gehiegizko indarra erabili zuen 2020ko maiatzaren 25ean, bederatzi minutu baino gehiago eman zituenean belaunarekin George Floyden lepoa presionatzen.

Chauvinen abokatuak, bere aldetik, Floyden historia klinikoan eta droga kontsumoan oinarritu du defentsa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Ameriketako Estatu Batuak argazkiak Epaiketak argazkiak Arrazismoa Euskadin Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea