Mundua -

Larrialdi klimatikoa

Joe Biden laguntza bila dabil gailur klimatikoaren bidez

Neurri zorrotzagoak eskatzen ditu, baina oposizioa du Ameriketako Estatu Batuetan eta handik kanpo.

Biden, kargu hartze ekitaldian. Argazkia: EFE
Joe Biden
Biden, kargu hartze ekitaldian. Argazkia: EFE

Elhuyar

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden laguntza bila dabil klima aldaketaren aurkako borrokan, bere herrialdearen barruan eta kanpoan. Gaur bukatuko da bi eguneko klimaren gailurra, haren administrazioak antolatutakoa. Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Presidentetzara iritsi ondoren, Joe Bidenek, agindu bezala, Parisko Akordioa sinatu zuen krisi klimatikoari aurre egiteko. Orain, munduko ingurumen politikaren buru izaten saiatzen ari da Biden, baina zailtasunak ditu herrialde barruan nahiz kanpoan.

AEBn, presidentearen aldeko eta kontrako jarrerak berdinduta daude. Sektore batzuek egoera berriak dakartzan aldaketak onartzen dituzte. Automobil-fabrikatzaileak, esaterako, hasi dira onartzen hemendik aurrera, erregaia aurrezteko, eskaera askoz altuagoko estandar direla. Petrolio-konpainia handiek ere (ExxonMobil, Shell, BP eta Chevron) esan dute berotegi-efektuko kutsadurari Donald J. Trump presidente ohiak kendutako murrizketa batzuk berrezarri beharko liratekeela.

Gainera, apirilaren erdialdean, 300 konpainia eta inbertitzaile pribatuk (Apple, Google, Unilever, Walmart eta General Electric, besteak beste) gutun bat argitaratu zuten, Bideni klima krisiaren aurkako ahaleginak areagotu ditzala eskatzeko eta bere konpainietan neurriak hartzeko konpromisoa erakusteko. Helburua da berotegi efektua eragiten duten gasen emisioak 2005eko mailetatik behera murriztea 2030erako. Obama administrazioaren helburuetako bat zen 2025erako, baina Donald Trumpen politikaren ondorioz ezinezkoa izan zen betetzea.

Bidenek, ordea, oposizio handia du Senatuan. Ikatza eta gasa ekoizten duten estatuetako senatariek ez diote laguntzen. Mendebaldeko Virginia, Pennsylvania, Wyoming, Alaska eta Texas estatuetako senatariak, adibidez, kontra daude, batzuk alderdi demokrataren kideak izan arren.

Kasurik deigarrienetako bat Mendebaldeko Virginiako senatari demokrata da, Joe Manchin. Bidenen energia-politika berrien aurka egon arren, Senatuko Energia Batzordeko hurrengo zuzendaria izango da. Manchin, hain zuzen, bere estatuko ikatz industriaren defendatzaile gisa iritsi zen Senatura.

AEBtik kanpo

Bestalde, Trumpen administrazioak Presidentetza utzi izanak aldatu egin du nazioarteko egoera, klimari dagokionez. Urte askotan lehen aldiz, AEBko Gobernuaren interesak bat datoz Txina eta Europar Batasuneko gobernuen interesekin. Hala ere, akordioak ez dira hain errazak, potentzia handien arteko tentsioak direla eta.

Alde batetik, AEBk funtsezko parte-hartzea izan zuten Parisko Akordioa sinatu ahal izateko, Obamaren administrazioarekin, eta Biden presidenteordea zen. Baina gero, Donald Trump Akordiotik atera zen eta 4 urte atzeratu ditu Obamaren planak. Bidenekin, Ameriketako Estatu Batuek berriro sinatu dute Parisko Akordioa, eta mundu mailan klima aldaketari aurre egiteko mugimendua gidatu nahi dute.

Gainerako potentzien erreakzioa zuhurtzia da. Nolanahi ere, gaur egun mundua beste gailur klimatiko bati begira dago, aurten azaroaren 1etik 12ra Glasgown egingo dena. Bidenen apirileko gailurrak, neurri batean, Glasgown aurkeztuko diren helburu klimatikoak ezartzeko balio izan du.

"Nazio Batuek antolatzen dituzten klima aldaketari buruzko gailur horiek ia planeta osoa biltzen dute, 200 herrialde baino gehiago", esan du Alexander Botok, IHOBE Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren zuzendariak. "Berotze globala bi gradu baino gutxiago igotzea da helburua, industria baino lehenagoko garaitik neurtuta. Gaur egun 1,1 gradu baino gehiago gainditu ditugu. Gure joera hiru gradutik gorakoa da. Hala ere, geldiarazteko garaiz gaude", erantsi du.

Euskadi erreferentea

Helburu klimatikoak herrialdeek finkatuko dituzte, eta, hala ere, Glasgowko gailurrean eskualdeek ere garrantzi oso handia izango dute. "Euskadi erreferentzia da Europan klima-aldaketaren aurkako borrokan", adierazi du Botok. Horren esanetan, "2005az geroztik, euskal ekonomia % 17 hazi da eta isurpenak % 26 murriztu dira".

BIDEOA | Alexander Boto IHOBEko zuzendaria: "Euskadi erreferentzia da Europan klima-aldaketaren aurkako borrokan"

Alexander Boto: 'Euskadi erreferentzia da Europan klima-aldaketaren aurkako borrokan'
Alexander Boto: 'Euskadi erreferentzia da Europan klima-aldaketaren aurkako borrokan'
Alexander Boto: 'Euskadi erreferentzia da Europan klima-aldaketaren aurkako borrokan'

1:48
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketa munduan Gaurko azken minutuko albisteak Ameriketako Estatu Batuak albisteak Albisteak Gaur Albisteak Trump gaur Ekologia azken ordukoa Larrialdi klimatikoa albisteak Joe Biden