Mundua -
Irak
Leherketa batek sua piztu eta 82 hildako utzi ditu Bagdadeko Al-Khatib ospitalean
Dirudienez, oxigeno botilek eztanda egin dute covid-19 pazienteentzako ospitalean. Biktimek erredurak dituzte, eta batzuek solairu garaienetatik salto egin dute, sugarretatik ihes egiteko.
EiTB Media | Agentziak
Gutxienez 82 pertsona hil eta 110 zauritu dira Bagadadeko ospitale batean, igande goizaldean, leherketa batek azpiegituran sua piztu ostean, Irakeko Barne Ministerioko bozeramaile batek jakitera eman duenez.
Jaled al Mhana Ministerioko bozeramaileak Al Ijbariya telebistan azaldu duenez, biktimek erredurak dituzte, eta batzuek solairu garaienetatik salto egin dute, sugarretatik ihes egiteko. Bozeramaileak ohartarazi duenez, hildakoen kopuruak gora egin dezake, zauritu batzuk larri daudelako.
Larunbat gauean hasi da tragedia Al-Khatib ospitalean, hiriburuaren hego-ekialdean. Oxigeno botilek eztanda egin eta sute handia piztu dute covid-19 pazienteentzako ospitalean.
Osasun Ministerioak agiri batean jakitera eman duenez, 200 paziente baino gehiago erreskatatu dituzte eraikinean.
Arduragabekeria "kriminalaz" hitz egin du Gobernuak
Tragediaren inguruko ikerketen emaitzak 24 ordutan jakinaraztea eskatu du Mustafa al Kazemi Irakeko lehen ministroak. Goizaldean ministroekin eta segurtasun arduradunekin bildu eta ezbeharraren erantzuleak zigortzea eskatu du Kazemik.
Hala ere, Giza Eskubideen Irakeko batzordeak Hasan Mohamed Abas Osasun ministroaren dimisioa eskatu du. Batzordearen hitzetan, agintariak presaka ibiltzea, baina Ministerioak herri-defendatzaileari (ombudsman) ez laguntzea harritzekoa da.
Istripua nahita egindako ekintza baten ondorio izatea baztertu du Barne Ministerioak, baina giza hanka-sartze bat izan ez dela ziurtatu du Al Kazemik, arduragabekeria "kriminala" baizik.
"Inork ez diezadala esan akats elektriko baten ondorioz gertatu dela, lotsagarria da", erantsi du. Aurreneko hipotesien arabera, akats elektriko batek oxigeno botilen leherketa eragin du Al-Khatib ospitalean, Bagdadeko hego-ekialdean.
Irak covid-19 kasu gehien zenbatu dituen Ekialde Erdiko herrialdea da: 1,18 milioi, Munduko Osasun Erakundearen arabera. Gaixotasunak 15 000 pertsona hil ditu.