Mundua -

TURKIA

Tentsio giroan hasi da HDP alderdi kurduaren aurkako makroepaiketa

Turkia Herriaren Alderdi Demokratikoko 108 kide epaitzen hasi da. Auzipetuek Turkiako Gobernuaren mendeku gosea salatu dute.

HDP alderdi kurduaren aldeko ekitaldia. Argazkia: EFE
HDP alderdi kurduaren aldeko ekitaldia
HDP alderdi kurduaren aldeko ekitaldia. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzo hasi zen Turkian, HDP (Herriaren Alderdi Demokratikoa) alderdi kurduko 108 kideren aurkako epaiketa.

Tentsio eta segurtasun neurri handien artean abiatu zen auzi saioa. Turkiako Parlamentuan hirugarren indarra den HDP alderdiko zuzendaritzako hainbat kide daude auzipetuen artean. Turkiako Gobernuaren mendeku gosea salatu dute auzipetuek.

2014an Estatu Islamikoa sartu zen Kobani hirian eta milaka kurdu atera ziren kalera. Liskarretan gutxienez 37 pertsona hil ziren, gehienak manifestariak.

Auzipetu guztien artean 38 bizi arteko kartzela zigorri eta milaka kartzela urteri egin beharko diete aurre, homizidioa, lesioak eragitea, suteak, lapurretak edota "Estatuaren batasuna urratzea" leporatuta.

Akusatuen artean daude, besteak beste, Selahattin Demirtas eta Figen Yüksekdag HDPko buruzagi ohiak, Diyarbakir hiriko alkatea ohia eta Aysel Tugluk eta Sebahat Tuncel diputatu ohiak.

Ankarako Sinkan espetxean abiatu zen epaiketa eta lehen eguna gorabeheratsua izan zen. Pandemia tarteko aretoko edukiera murriztu egin dute eta defentsako hainbat abokatu kanpoan gelditu ziren hasieran.

Horiek bete behar zituzten aulkiak polizia agenteek betetzen zituztela ikusita, barruan zeuden abokatuek kexa aurkeztu zuten eta irten egin ziren.

Epaileak auziarekin aurrera egiten ahalegindu baziren ere, auzipetuek abokaturik gabe deklaratzeari uko egin ostean defentsa abokatuak aretora itzuli ziren.

Ordu batzuk geroago, epaileek hainbat akusaturi hitza ukatu ondoren abokatuak berriro atera ziren. 

Arratsaldean epaiketak aurrera jarraitu zuen, baina Demirtasek eta Yüksekdagek salatu zuten ezin izan zutela epaiketa jarraitu bideokonferentzia sisteman izandako akatsengatik eta ez zitzaiela erantzuteko eskubiderik eman.

Epaiketako hurrengo saioa maiatzaren 3an izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Epaiketak argazkiak Eguneko albisteak Albisteak Turkia