Publizitatea
Itxi

2021/04/27

22:50

Mundua

Erasoa Burkina Fason

David Beriain eta Roberto Fraile euskal kazetariak hil dituzte Burkina Fason

EITB MEDIA

Identifikatu gabeko talde armatu batek hil ditu, ehiza ilegalari buruzko dokumental bat filmatzen ari zirela.

1:51
David Beriain eta Roberto Fraile
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Burkina Fason atzo desagertutzat jo zituzten Barakaldoko eta Iruñeko bi kazetari hil egin ditu talde armatu batek, Arancha Gonzalez Laya Atzerri, EB eta Lankidetza ministroak astearte honetan baieztatu duenez.

Hildakoak, David Beriain iruindarra eta Roberto Fraile barakaldarra, bertako agintariak herrialdeko parke naturalak isileko ehizatik babesteko egiten ari diren ahaleginen inguruko dokumentala egiten ari ziren.

Ministro Kontseiluaren amaieran emandako prentsaurrekoan ministroak azaldu duenez, Burkina Fasoko agintariek gertakarien lekuan aurkitutako gorpuei buruz emandako azken informazioen arabera, hildakoak bi euskal herritarrak dira. Familiak jakinaren gainean jarri dituztela esan du Gonzalez Layak.

40 bat lagunek osatutako talde batean zihoazen, eta astelehenean, 15:30 aldera, taldearekin kontaktua galdu zuten Burkina Faso eta Benin arteko mugan dagoen parke natural batean. "Eremu arriskutsua da, terroristen, isileko ehiztarien eta bidelapurren operazio eremua delako", azpimarratu du Gonzalez Layak, eta "albiste tristea" deitoratu du.

Bi euskal herritarrak irlandar batekin eta herriko segurtasun-indarretako kide batekin batera desagertu ziren. Erasoa herrialdearen ekialdean izan zen, Kompienga probintzian.

Burkina Fasoko Gobernuak jakinarazi duenez, erasoa Pamako natura-erreserban gertatu zen eta kazetariak eskolta polizialarekin babestuta zihoazen.

"Lehendabiziko datuen arabera, bidean terrorista talde batekin egin zuten topo eta tiroka hasi zitzaizkien", zehaztu du Ousseni Tamboura Gobernuaren bozeramaileak.

Burkina Fasoko Armadako iturriek EFE agentziari esandakoren arabera, erasotzaileak ekipamendu militarra hartuta ihesean joan ziren. Hainbat operazio jarri dituzte martxan, denak atxilotzeko asmoz.

(Ezkerretik eskuinera, Roberto Fraile eta David Beriain.)

Bi erreportarien hilketak samina eragin du kazetaritzaren arloan, eta erakundeen eta agintari politikoen artean ere erreakzio ugari izan dira.  

Hala, Kazetariak Babesteko Batzordeak hilketak gaitzetsi ditu eta gertatutako guztia argitzea exijitu du. "Burkina Fasoko agintariek David Beriain eta Roberte Fraileren hilketak zorrotz ikertu behar ditu, arduradunak atxilotu eta justiziaren esku uzteko", adierazi du Angela Quintal Afrikako programaren koordinatzaileak.

Nafarroako Gobernuak, Iñigo Urkullu lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak gertakaria salatu dute eta Beriainen eta Fraileren senideei doluminak helarazi dizkiete, sare sozialen bidez mezu bana zabalduta.

Indarkeria jihadista Sahelen

Burkina Fasoko ekialdeak eta iparraldeak segurtasun falta areagotu dute azken urteotan, batez ere talde jihadisten erasoen gorakadaren ondorioz.

Burkina24 albiste-atariak jaso duenez, azken astean terrorismoaren aurkako operazioetan lau militar hil eta bi ustezko terrorista "neutralizatu" dituzte.

Egoera horren aurrean, Christophe Dabiré Burkina Fasoko lehen ministroak otsailaren hasieran ateak ireki zizkion terroristekin balizko elkarrizketa prozesu bat abiatzeko aukerari. "Ez dugu esaten Burkina Faso terroristekin negoziatzearen aurka dagoenik", adierazi du Parlamentuan.

BIDEOA | Beriain: "Kazetaritza norbaitek jakin nahi ez duena kontatzea da, gainerakoa propaganda da"

2:2

BIDEOA | Mikel Ayestaran eta Oskar Epelde, Beriain eta Fraileri buruz

1:33

BIDEOA | Aurten sei kazetari eta lau kolaboratzaile erail dituzte munduan

1:17
  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena