Publizitatea
Itxi

2021/04/27

18:25

Mundua

Gatazka

Indarkeria jihadista eta barne gatazkak, Burkina Fasoko krisiaren jatorrian

agentziak | eitb media

Nigeriarekin eta Malirekin batera, munduan errefuxiatu eta baztertuen gorakada handiena duten herrialdeetako bat da.

  • Eraso jihadista Burkina Fason. Argazkia: Efe

    Eraso jihadista Burkina Fason. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Burkina Fasoko ekialdean, bi euskal kazetari bahitu eta hil dituzten lekuan, segurtasunak okerrera egin du nabarmen talde jihadisten ekintza terroristengatik batez ere, eta horrek areagotu egin du komunitate arteko tentsioa ere.

Kazetariak desagertutzat eman zituzten Kompienga probintzian (hego-ekialdean), ezkutuko ehizaren aurkako patruila bati egindako eraso baten ostean.

Segurtasun ezak herrialdearen iparraldeari ere eragiten dio, eta Boli Kostako mugara iritsi da azken hilabeteotan. Gatazka egoerak okerrera egin du, gainera, Roch Marc Christian Kabore 2015ean boterera heldu zenean, Blaise Compaoreren aurkako Estatu kolpe baten ostean.

Ordura arte Saheleko beste herrialde batzuetan, Malin batez ere, jarduten zuten talde jihadisten ekintzek ez zuten eraginik herrialdean, eta Compaore eta talde terrorista horien arteko ustezko itun bati egotzi diote hori.

Hala, Burkina Fasok ehunka eraso jasan ditu ordutik, 2016ko urtarrilean Uagadugu hiriburuko kafetegi eta hotel baten aurka egindakoa barne, Kaborek kargua hartu eta egun gutxira.

Segurtasun gabeziaren ondorioz, agintariek 'boluntarioak' errekrutatzeko legea onartu zuten, Armadaren eta Poliziaren ahaleginak indartzeko, eta Koglweogo izeneko autodefentsa talde batzuekin bat egin dute, batez ere landa eremuetan egonkortasuna bermatzeko.

Hala ere, Kaboreren ekimen horrek ondorio negatiboak izan ditu gatazkan, armadak eta autodefentsako talde horiek ustez egindako gehiegikeriek komunitateen arteko tentsioak areagotu dituztelako eta jihadistei kide berriak biltzea ahalbidetu dietelako.

Tentsio hauen erdigunean fulani komunitatea dago (peul izenez ere ezagutzen dena), beste komunitate batzuek eta agintariek talde terrorista horietako kide nagusien artean egoteagatik euren aurka egindako salaketen ondorioz, eraso eta mendekuen biktima izan dira.

Horren adibide da 2019ko eraso jihadista bati erantzuteko Gobernuaren aldeko milizia batek fulani komunitateko 50 kide inguru hil izana.

Era berean, Armadak hildako zibilen inguruko ikerketak abiatu ditu Gobernuak, tartean Human Rights Watch (HRW) erakundeak salatutako 30 atxiloketa.

Afrikako herrialdea, gainera, talde jihadisten arteko barne borroken eremu ere bada.

Bestalde, Christophe Dabire Burkina Fasoko lehen ministroak talde horiekin hitz egiteko prozesua ireki zuen otsailean, krisiari aurre egiteko irtenbide gisa, baina oraingoz ez dute harreman ofizialik izan. "Ez dugu esaten Burkina Faso terroristekin negoziatzearen aurka dagoenik", esan zuen.

Burkina Faso, Niger eta Malirekin batera, munduan errefuxiatu eta baztertuen gorakada handiena duten herrialdeetako bat da, eta hiru milioi errefuxiatu inguru daude, Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;