Mundua -

BURKINA FASOKO HILKETAK

Sahel laguntzeko konpromisoa agertu dute Espainiak, Frantziak, Alemaniak eta Italiak

Eskualdeko herrialdeekin lankidetza estuan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, bakea eta egonkortasuna lortzeko.

Nigeria. Argazkia: EFE
Nigeria
Nigeria. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainia, Frantzia, Alemania eta Italiako Gobernuek Afrikako Sahel lurraldea osatzen duten herrialdeei laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu dute ostiral honetan, terrorismoaren aurkako borrokan, segurtasun, lankidetza eta garapen arloetan, hain zuzen ere.

Aste honetan David Beriain eta Roberto Fraile kazetariak eta Rory Young irlandarra hil dituzte Burkina Fason, Sahelen. Hilketa horien harira kaleratu dute gaur lau herrialde horiek adierazpen bateratua.

Sahel deituriko eremuak ondorengo lurraldeak hartzen ditu bere baitan: Senegal iparraldea, Mauritania hegoaldea, Mali, Burkina Faso iparraldea, Aljeria hegoaldea, Niger, Nigeria iparraldea, Txad eta Sudan erdialdea, Eritrea eta Etiopia iparraldea. 

Herrialde sinatzaileen esanetan, agerian gelditu da Sahel eskualdean dauden segurtasun mehatxuak iraunkorrak direla eta erronka sozioekonomikoak konplexuak, denak ere premiazko erantzunak ematea eskatzen dutenak. Hori dela eta, beren babesa indartzeko konpromisoa hartu dute, segurtasuna, gobernantza, egonkortasuna eta garapena ardatz izango dituen "gerturatze transbertsal" baten bitartez.

Hori dela eta, segurtasun indarrei "operazioetan, prestakuntzan, entrenamenduan eta gaitasunen sendotzean" laguntzeko ekimenekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute. 

Adierazpenaren arabera, Sahel segurua, egonkorra eta oparoa lortzeko, segurtasunaren ikuspegia izatea ez da nahikoa. Horrez gain, laguntza humanitarioa eskaini behar dela eta garapen ekonomiko eta sozialeko neurriak hartu behar direla diote, batez ere hezkuntza eta osasun alorretan, biztanle guztiek beren oinarrizko zerbitzuak bermatuta izan ditzaten.

Amaitzeko, inguruko herrialdeekin, G5 Sahel eskualdeko aliantza militarrarekin eta eskualdeko beste ekimen batzuekin elkarlanean aritzeko engaiamendua berretsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrikako berriak Nazioartea Espainia bideoak Alemania argazkiak Frantzia Eguneko albisteak Albisteak Italia Zer gertatu da Nigerren?