Mundua -

Brasil

Gutxienez 25 pertsona hil dituzte Poliziaren sarekada batean, Rio de Janeiron

Jacarezinho favelako operazioan abusurik izan den ikertuko du Fiskaltzak. Gobernuz kanpoko erakundeek "sarraskia" salatu dute. Poliziak dispositiboa defendatu eta "planifikatuta" zegoela esan du.

Poliziaren sarekada Jacarezinho favelan, Rio de Janeiron (Brasil).
Poliziaren sarekada Jacarezinho favelan, Rio de Janeiron (Brasil).
Narkotrafikoaren aurkako operazio batek gutxienez 25 hildako utzi ditu Rio de Janeiron

1:09

EITB Media | Agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rio de Janeiroko (Brasil) Poliziak narkotrafikoaren aurkako operazioa egin zuen ostegunean Jacarezinho favelan, hiriaren iparraldean. Tiroketan, 25 pertsona hil dituzte, polizia bat tartean.

2016ko uztailetik honelako operazio batek eragindako biktima kopururik handiena da. Hilketak, lapurretak edo bahiketak egiteko umeak eta nerabeak errekrutatu dituzten ikertzen ari ziren operazioan.

Operazioan Poliziaren abusurik izan den ikertuko duela iragarri du Rio de Janeiroko Fiskaltzak. Hiri horretan inoiz izandako sarekada odoltsuena izan da, askoren ustez, eta gobernuz kanpoko erakunde batzuek “sarraskia” izan dela salatu dute. Fiskaltzak ikerketa abiatuko du gertatutakoa argitzeko.

 “Operazioaren inguruabarrak eta oinarriak egiaztatzeko neurri guztiak hartu ditu Rioko Fiskaltzak. Gertakariak argitzeko ikerketa independente bat jarriko du martxan, kontuak emateko neurriak aplikatuz”, azaldu duenez.

“Goizean goiz izan dugu gertakarien berri komunikabideen eta sare sozialen bidez”, gaineratu dute.

Poliziaren hitzetan, Jacarezinhon narkotrafikoak “gerrilla taktikak” erabiltzen ditu, baita arma astunak eta soldaduak ere. Favela Vermelho taldearen gotorlekua omen da, Rio de Janeiroko narkotrafikatzaile talderik handienarena.

Amnistia Internazionalak eta Brasilgo Kongresuaren Giza Eskubideen Batzordeak ere, ikerketa abiatu dute. Operazioa kritikatu eta “sarraskia” izan dela esan dute.

Bestalde, Rio de Janeiroko Poliziak dispositiboa defendatu du, eta “oso planifikatuta” zegoela eta protokolo guztiak bete dituztela argudiatu du. “Gaizkileak, bidelapurrak, trafikatzaileak eta hiltzaileak ziren” , eta “poliziak hiltzen saiatu ziren, eta eraso bidegabeari aurre egin beste aukerarik ez zegoen”, azaldu du.

Rodrigo Oliveira Poliziako buruak “aktibismo judiziala” kritikatu eta Auzitegi Gorenak ezarritako protokoloak bete dituztela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Brasil