Mundua -
Koronabirusa
Bruselak Pfizer txertoaren beste 1800 milioi dosi bereganatzeko kontratua onartu du
Kontratuaren arabera, 900 milioi dosi bermaturik daude, eta beste 900 milioi "aukerazkoak" dira, 2021 eta 2023 artean banatzeko, Von der Leyenek iragarri duenez.
EiTB Media | Agentziak
Pfizer/BioNTech txertoaren 1800 milioi dosi bereganatzeko kontratua onartu du Europako Batzordeak, Ursula von der Leyen presidenteak gaur jakitera eman duenez.
Kontratuaren arabera, 900 milioi dosi bermaturik daude, eta beste 900 milioi "aukerazkoak" dira, 2021 eta 2023 artean banatzeko, Von der Leyenek Twitter sare sozialean iragarri duenez.
Iragan hilean covid-19aren aurkako injekzioak edo bigarren belaunaldiko txertoak lortzeko elkarrizketak abiatu zituen Europar Batasunak, birusaren mutazioei aurrea hartu nahian.
Pandemiaren aurreneko urtean Batzordeak "lezioak" ikasi dituela azpimarratu zuen Von der Leyenek apirilean. "Immunitatea indartzeko eta luzatzeko" sendagaiak eskuratzeko helburua du kontratuak, birusaren aldaera berriak agertzen baldin badira prest egoteko, esan duenez.
Europako Batzordeak 900 milioi dosi erosteko asmoa zuen, eta beste 900 milioi aukerazkoak izatea. Modu horretan akordioa itxi dute. Era beran, txertoak eta haien osagai guztiak Europar Batasunean ekoitziko dituzte.
Txertaketa "erritmo onean aurrera egiten" ari da, baina Europa "hurrengo etaparen" aurrean prestatu behar da, adierazi du Von der Leyenek bigarren txio batean.
Txerto gehiago eta "balizko aldaeren" tratamendua, baita "umeen eta nerabeen txertaketa" ere, aipatu ditu agintariak.
ARNm teknologiadun txertoen aldeko apustua berretsi du EBk kontratuarekin.
Patenteak
Indiak eta Hegoafrikak covid-19aren aurkako txertoen patenteak liberalizatzea eskatu zuten. AEBek orain proposamena babestu du. EB, aldiz, eskakizuna aztertzeko prest agertu da, baina estatu kideek ez dute oraingoz jarrerarik adostu.
Charles Michel Europako Kontseiluaren presidenteak ziurtatu duenez, koronabirusaren aurkako txertoen patenteak liberalizatzea ez da epe laburrera ekoizpena areagotzeko "konponbide magiko" bat. Zentzu horretan, beste eskualde eta herrialde batzuei esportazioa baimentzeko eskatu die.
Maiatzaren 25eko goi-bileran gaia mahai gainean izango dela iragarri du Michelek, "gai garrantzitsu honen inguruan akordioa lortzeko esfortzu guztiak bultzatzeko asmoz".