Mundua -
Aita hil eta gero
Kim Jong Un Ipar Koreako 'buruzagi goren' izendatu dute
Buruzagi berria 30 urte baino gazteagoa da eta ia guztiz ezezaguna da herrialde barruan zein atzerrian.
Erredakzioa
Kim Jong Un, Kim Jong Il Ipar Koreako diktadorea zenaren semea, herrialde horretako 'buruzagi gorena' izendatu dute gaur, hau da, Langileen Alderdiko, Indar Armatuetako eta Estatuko burua.
Kim Jong Ilen hileta elizkuzaren bigarren egunean egindako ekitaldi batean, Kim Yong Nam Ipar Koreako Asanblea Popularreko presidenteak ofizialki izendatu du Kim Jong Un haren aitaren ondorengo.
Piongiangeko plaza nagusian elkartu diren ehunka mila pertsonen aurrean, Kim Yong Namek azaldu du Kimg Jong Unek aitaren "lidergoa, nortasuna, ideologia eta ezaugarriak" dituela.
Ekitaldian, ordezkari politikoek eta militarrek leialtasuna agertu diote buruzagi goren berriari.
Indar Armatuen babesa ezinbestekoa du Erregimenari eusteko.
Ezezagun bat herrialdearen buruzagitzan
Kim Jong Il 2008an hasi zen semea ondorengo gisa ezagutarazten. Garai horretan, lau izarreko jeneral eta Langileen Alderdiko Batzorde Militar Zentraleko presidenteorde izendatu zuen.
Kim Jong Un 30 urte baino gazteagoa da eta ez du eskarmentu militarrik ezta politikorik ere. Atzerrian guztiz ezezaguna da, baina Ipar Korea barruan ere bai, Erregimena oso zorrotza baita 1948tik herrialdea gobernatzen duen dinastiako kideen biografiekin.
Fisikoki, Kim Jong Un aitaren tankerakoa da (txikia eta lodia), eta antza denez, saskibaloiaren eta akzioko filmen jarraitzaile sutsua da. Halaber, ingelesez, frantsesez eta alemanieraz hitz egiten daki.
Bi seme zaharrenak baztertu egin zituen Kim Jong Ilek bere ondorengo izateko. Zaharrena (Kim Jong Nam) agiri faltsuekin Japonian sartzen saiatu zen, eta ertaina 'emagizon' samar dela uste zuen.