Mundua -

EKIALDE HURBILA

Palestinarren grebak jarraipen masiboa izan du Israelen eta Gazako lurraldeetan

Sindikatuek eta erakunde zibilek sustatutako deialdiak Jerusalemgo Hiri Zaharraren jarraipena izan du.

Greba orokorra Jerusalemen. Argazkia: EFE.
Greba orokorra Jerusalemen
Bonbardaketa gutxiago gaur Gazan, baina su-etenik ez

1:20

N. B. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lurralde okupatuetako eta Israelgo hiri mistoetako denda, negozio, erakunde eta eskola gehienek palestinarren greba orokorraren aldeko itxierari eutsi diote; izan ere, protesta ugari iragarri dituzte gaur Gazaren alde eta Israelen politiken aurka.

Sindikatuek eta erakunde zibilek sustatutako deialdiak Jerusalemgo Hiri Zaharrean jarraipena izan du, kalera ateratzeko deia egin baitute, palestinarren familiak etxegabetzeko aginduen eta muturreko juduen erasoen gorakadaren aurka.

Abokatuen, irakasleen, Garraio Publikoaren Batzorde Gorenaren, presoen mugimenduaren eta Zisjordaniako erakunde sindikalek deialdia sustatu dute, baita Israelgo Arabiar Jarraipenerako Goi Batzordeak ere, palestinar jatorriko arabiar-israeldarrak biltzen dituena (Israelgo biztanleriaren % 20 inguru).

Israelgo hiritartasuna duten arabiarren parte-hartzea —1948an estatua sortu ondoren Israelgo mugen barruan geratu ziren jatorrizko arabiarrak eta ondorengoak— Palestinako mobilizazioaren faktore berritzaileenetako bat izaten ari da. Duela zenbait aste Jerusalemen protestak hasi zituen mugimenduak, baina Gazatik suziriak jaurti zirenean eta protestak eskualde osora hedatu zirenean hartu zuen mobilizazioak indarra.

Haifa, Acre, Uhm al Fahem eta Israelgo beste herri misto batzuk hutsik egon dira grebaren ondorioz, eta Zisjordania okupatuan, eguerdian hasi dira elkarretaratzeak.

Israel eta Palestina, gatazka asimetrikoa

Madrilgo Bake Konferentzian ezarritako "lurraldekako bakea" printzipioa, aurten hiru hamarkada beteko dituena, berriz ere desagertuko da Ekialde Hurbilean, bi estatu sortzeko —Israel eta Palestina— bi premisak bertan behera gelditu baitira: bakerik ez bi estatuentzat eta gero eta lurralde gutxiago palestinarrentzat.

Isaac Shamir Israelgo lehen ministroak ez zuen Espainiako hiriburuko negoziazio-mahaian Yaser Arafat Palestina Askatzeko Erakundeko buruzagiarekin eseri nahi izan, eta Palestinako ordezkaritzak Jordaniakoarekin batera joan behar izan zuen.

Buruzagiak aldatu egin dira, baina lurraren auziak bere horretan dirau. Palestinarrek Zisjordania okupatuan bakarrik lortu zuten autonomia partziala; Gazan, berriz, Israelen blokeo gogorraren pean bizi dira.

Lehiakideen arteko asimetriak nazioarteko babesean du isla. Joe Bidenen gobernu estatubatuarrak babes osoa eman dio Israeli eta bere burua defendatzeko eskubideari, eta su-etena eskatzea saihestu du. Bitartean, 2020an beste herrialde arabiar batzuek bake-akordioak sinatu zituzten Israelekin: Emirerriak, Bareinek, Sudanek eta Marokok.

Israelek duela bederatzi egun Gazan egindako bonbardaketen eta Hamaseko milizia palestinarrek eta Jihad Islamikoak israeldarren aurka jaurtitako suzirien metxak Sheij Jarrahen su hartu zuen, Israelek 1967an okupatutako Jerusalem ekialdeko auzo batean.

Han hasi ziren kolono juduen aldeko hainbat familia palestinarren (1948an Israelek okupatu zuen Jerusalemgo beste auzo bateko errefuxiatu palestinarren ondorengoak) etxegabetzearen aurkako protestak.

Ondoren, protestak Jerusalem okupatura hedatu ziren, eta Meskiten Zabalguneraino iritsi ziren Jerusalemgo Hiri Zaharrean, baita Israelgo arabiar herrietara ere, Nazaretera edo Haifara kasu.

Orain arte, Gazako miliziek koheteak jaurti dituzte Israelgo lurraldera, eta 10 hildako eta 300 zauritu izan dira. Israelgo Armadaren erantzunak 213 hildako eta 1.235 zauritu eragin ditu palestinarren artean. Gainera, Hamaseko 75 miliziano eta Jihad Islamikoko "dozenaka" hil dira.

Historikoki, Gazatik egindako erasoei erantzunez Israelgo Armadak egindako zigor-operazioek neurrigabeko biktima zibilen balantzea eragin dute: 2004an, Israelgo bi ume hil izanagatik, Israelgo armadak 107 palestinar hil zituen.

2014ko uztaila-abuztuan, Zisjordanian hiru gazte israeldar hil izanagatik, 2.251 palestinar hil zituzten (1.462 zibil eta horietatik 551 haurrak). 67 soldadu eta sei zibil israeldar ere hil ziren.

Defentsa-desberdintasuna

Israelgo Armadaren, munduko sofistikatuenetarikoa —gaur egun, F-35 hegazkin supersoniko berritzailearen ahalmen operatiboak hobetzen ari dira—, eta milizia palestinarrenaren artean, estaturik, armadarik eta mugarik gabea, indar-korrelazio ezberdina dago.

Israelgo misilen aurkako sistemak Palestinako koheteen % 90 indargabetu zituen, baina Gazako bonbardaketek eraikin ugari suntsitu dituzte eta 47.000 pertsona etxerik gabe utzi dituzte, NBEren errefuxiatuentzako agentziaren datuen arabera.

Zenbakizko ezberdintasunak alderantzizko eragina izan zuen presoen trukeetan: Gilad Shalit soldadu israeldarra, Hamasek Gazan bost urtez bahitua, 2011n askatu zuten, 477 preso palestinarren truke.

Gatazkak bere horretan dirau, Israelgo eta Palestinako gizarteek ez baitute ulertzen negoziazio askoren ondoren oraindik akordiorik ez izatea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Grebak gaur Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Mikel Ayestaran Ekialde Hurbileko albisteak