Mundua -

PERU

Gutxienez 16 pertsona hil dituzte Perun, atentatu batean

Agintariek Sendero Luminoso taldeari egotzi diote erasoa. Ekainaren 6an herrialdeko presidentea aukeratuko dute, Keiko Fujimori edo Pedro Castillo, hauteskundeen bigarren itzulian.

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 16 pertsona hil dituzte, tartean bi haur, igande honetan Peru barrualdeko eskualde batean gertatutako atentatu batean. Agintariek Sendero Luminoso taldeari egotzi diote erasoa.

Nuria Esparch Peruko Defentsa ministroak astelehen gauean adierazi zuenez, 16 dira hildakoak. Sei gorpu "kiskalita" aurkitu dituzte eta gainerakoak, ostera, "tiroz" josita.

Aurretik, Peruko Polizia Nazionalak 18 hildakoren berri eman zuen eta Cesar Cervantes komandante nagusiak Sendero Luminoso edo narkotrafikatzaile talde baten erasoa izan zitekeela espekulatu zuen. Azkenean, 16 pertsona hil direla zuzendu du Esparchek.

Bertako prentsak zabaldutako informazioaren arabera, erasotzaileak Cuchipampa inguruko bi tabernatan sartu dira, eta ekainaren 6an herrialdean egingo diren hauteskundeen bigarren itzuliari begira Keiko Fujimori ultraeskuineko presidentegaiaren alde egingo dutenak mehatxatu dituzte.

Poliziako iturriek azaldu dutenez, erasotzaileak 22:00ak aldera iritsi dira eta gizonak, emakumeak eta bi adin txikiko hil dituzte, antza denez, lokaletako langileen seme-alabak.

Peru 21 egunkariak jakitera eman duenez, erasotzaileek Sendero Luminosoren sinadura duten panfletoak zabaldu dituzte.

Gaitzespen mezuak

Sare sozialetan zabaldutako mezu batean, Francisco Sagasti Peruko jarduneko presidenteak erasoa gaitzetsi du eta militarrak bidaltzeko agindua eman du.

Pedro Castillo ezkerreko presidentegaiak "gogor" gaitzetsi du atentatua eta "legearen pisu guztia" erasotzaileengan eror dadila eskatu du. Keiko Fujimoriri eskuin muturreko presidenteak, bere aldetik, "erabat" arbuiatu eta gaitzetsi ditu "gertaera tamalgarri" horiek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak 2024 Atentatuak Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika albisteak Peru albisteak Hauteskundeak gaur Krimenak azken ordukoa